GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-03
Sagrario YARNOZ | Psikologoa eta EHUko irakaslea
«Inoren beharrik ez duela esaten duenak gezurra dio; denok dugu besteen beharra»
Atxikimenduaren teoria. Hori entzunda askori menpekotasuna burura badatorkio ere, justu kontrakoa da. Izan ere, atxikimendu segurua duten pertsonak autonomoagoak dira. Atxikimendu hori jaiotzetik amarekin edo atxikimendu irudirako sortzen denarekin hasten da, eta pertsona baten bizitza marka dezake. Hala ere, Sagrario Yarnoz adituaren hitzetan, ez da kezkatzeko arrazoirik, «ama normal bat» izatea nahikoa da.

Atxikimenduaren teoriaren erabilera klinikoa aztertu dute EHUko Uda Ikastaroetan. Sagrario Yarnoz psikologoaren hitzetan, amarekin edo atxikimendu irudirako sortzen den loturak etorkizuneko harremanak baldintza ditzake.

­Ikastaroan Bowlby-ren atxikimenduaren teoria landu duzue.

John Bowlby psikoanalista zen eta, psikoanalista gehienak barruko munduan badabiltza ere, berak kanpoko munduari ere garrantzia eman zion. Giza funtzionamenduari buruzko teoria garatu zuen; amarekin edo atxikimendu irudirako sortzen den harremanean oinarritzen da, eta lehen lotura hori etorkizuneko harreman guztien oinarritzat hartzen du. Teorian esaten da badela pertsona bat segurtasuna ematen diguna eta horrengana jotzen dugula beharrean gaudenean.

­Zer berezitasun ditu lehen lotura horrek?

Normalean, ama izaten da lehen atxikimendu irudia. Azken batean, era jarrai eta trinkoan haurraren beharrak asetzen dituen pertsona da atxikimendu irudia, eta, hasieran ama bada ere, heltzen joaten garen neurrian lagunak izaten dira, bikotekidea helduak garenean eta, zahartzaroan, zirkulua itxi eta atxikimendu irudia seme-alabak bilakatzen dira. Baina behar hori beti izaten da.

­Atxikimenduaren teoria esaten denean askok gaixotasun gisa ulertzen du, hau da, lotura hori negatibotzat jotzen du. Baina horrela al da benetan?

Bai, askok menpekotasunaz ari garela uste du eta justu kontrakoa da. Egia da zenbaitetan pertsona baten beharra daukatenak ezin direla autonomoak izan, baina teoria honek kontrakoa esaten du; hain zuzen ere, atxikimendu segurua duten pertsonak autonomoagoak direla. Atxikimendu motak, nolabait, mundua ikusteko irazki bat ematen digu. Modu batean ikusten dira pertsonak.

­Zeren arabera eraikitzen dugu iragazki edo eskema hori?

Hasieran, amaren arabera. Atxikimendu segurua eraiki duten pertsonek berei buruzko eskema zehatz bat dute, eta behar dutenean besteen arreta erakartzeko gai direla dakite. Era berean, badakite beste batzuk laguntza hori emateko prest daudela, eta horrek ondo sentiarazten ditu; eroso sentitzen dira laguntza eskatu beharrean daudenean eta beren autonomian ere ondo sentitzen dira. Lasaitasuna lortzen dute.

­Nola bizi dute laguntza eskatzea atxikimendu segurua eraiki ez dutenek?

Atxikimendu estiloaren arabera ezberdina da. Adibidez, batzuek autosufizienteak direla esaten dute, ez dutela laguntzarik behar.Eta hori ez da posible, pertsonak inoiz ez garelako autosufizienteak izango, beti izango dugulako besteen beharra. Pertsona horiek jarrera defentsiboa hartzen dute, arreta erakartzeko gauza ez direla uste dutelako. Hala, harreman pertsonalak ekiditen dituzte eta zaletasunetan zentratzen dira gehiago. Psikologian, defentsibo esaten dugunean ez dela benetakoa esan nahi dugu, hau da, benetan ez direla horrelakoak, sendotasun itxura ematen dutela babesa bilatzeko.

­Beste muturrik ere egongo da.

Kezkatuak direnak. Horiek garrantzi handia ematen diete harremanei, oso dependenteak izaten dira eta beste pertsona nekatzera iristen dira. Kezkatuek beren portaerarekin beldurra eragiten dien hori sortzen dute. Trinkotasunik gabeak dira, hala bizi izan zutelako amarekin; hau da, amak zuen dinamikaren arabera egiten ziolako kasu haurrari, eta ez haurraren beharren arabera. Bere atxikimendu portaerak puztu egin behar izaten zituzten haur zirenean, eta harremanak izateko moduetan berbera egitera jotzen dutenez.

­Zer egin daiteke atxikimendu ez seguru horiek ekiditeko?

Haurren beharrak asetzeko prestua den ama nahikoa da; ama normal bat, ez kasu gutxi egiten diona ez beti bere gainean dagoena, sentsibilitatea duena behar duena nabaritzeko. Pentsa, gehienak, %65 inguru, atxikimendu segurukoak gara.

­Eta, arazoa suertatuz gero, zer?

Patologia muturreko egoeretan bizi izan direnek eta patroi zehatzik ez dutenek garatzen dute. Adibidez, lasaitasuna eman beharrean izutu egiten dituen zaintzailea izan dutenean edo trauma garrantzitsu baten ondorioz. Bizitzan, gertatzen dena gertatzen dela, atxikimendu seguru bat izanez gero, hobe defenda dezakezu zeure burua, badakizulako laguntza eskatu eta laguntza hori aprobetxatzen. Atxikimendu ez seguruak ekipamendu kaskarragoa duzula esan nahi du, eta denbora handiagoa beharko duzula errekuperatzeko. Ez du zertan esan nahi arazoak jango zaituenik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Un menor fallece en el Gorbea por el impacto de una piedra
Jendartea
Bikote arazoak ez dira oporretan konpontzen
Euskal Herria
Cara a cara (o casi) entre Arzalluz y Garaikoetxea a los veinte años de la escisión del PNV
Kirolak
Josune Bereziartu recibe el premio Arco Rock Legend
Euskal Herria
Inicio de los juicios a más de cien detenidos en redadas «preventivas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss