VARSOVIA
Bost egun baino ez dira igaro Kaczynski bikiek Samoobrona (autodefentsa) alderdia Gobernutik bota zutenetik, eta telebistan agertu diren irudi batzuek krisialdi politikoa areagotu dute Polonian.Irudiotan ageri denez, Adam Lipinskik, Jaroslaw Kaczynski lehen ministroaren Kabinetearen arduradunak, kargu bat eskaintzen dio Samoobronako diputatu Renata Begerri. «Badakizu, ez dago inolako arazorik, betetzeke kargu piloa baitugu», esaten dio Lipinskik Begerri, azkenak kamera bat ezkutuan duela jakin gabe.
Aurrekontu neoliberalekin eta Afganistanera soldaduak bidaltzeko erabakiarekin ados ez egoteagatik bota zuen PiS bikien alderdiak Samoobrona taldea. Baina 460 eserlekutik 154 baino ez ditu Parlamentuan, eta Poloniar Familien Liga ultraeskuineko alderdiaren babesa ez da nahikoa.
Horrela bada, buru-belarri ari da azken egunetan Samoobronaren barnean jendea alderdiz aldatzea bultzatzen.
Nekazarien Alderdiaren ihesa
Horretarako ez dago karguak eskaintzea bezalakorik, eta Nekazaritza ministrordearen postua eskaini zion Begerri.TVN telebista pribatuak eman dituen irudiek larriagotu egin dute krisia.
Poloniar Nekazarien Alderdiak bere garaian Alderdi Komunistaren aliatu sutsuak behingoz bertan behera utzi ditu gobernu-koalizioan sartzeko elkarrizketak. «Nahi duena esango du lehen ministroak, baina irudiak ikusten dituenak ez du inolako arazorik izango iruzurra dagoela ikusteko», adierazi zuen Jaroslaw Kalinowski alderdiaren eledunak irratian.
Bikien PiS alderdiak, ostera, «oposizioak eta antzinako zerbitzu sekretu komunistek elkarlanean asmatu duten probokaziotzat» jo du bideoaren kontua.
Oposizioak, aldiz, Parlamentua desegiteko eskatu du. Bat egin dute eskaeran Hiri Plataformak (liberalak) eta sozialdemokratek (komunista ohiak).
Adituek ez dute uste hori gertatuko denik. «Dagoeneko, Parlamentua desegiteko erabakia ekiditeko nahiko diputatu ditu Gobernuak», ohartarazi du Kazimierz Kik politologoak.
«Zaila izango du gehiengo berri bat osatzeko, baina ez du amore emango hauteskundeak aurreratuta», azaldu du Mikolaj Czesnik adituak.