Iratxe Esnaola Arribillaga - Informatikan ingeniaria
Izena eta izana Interneten
Interneten izenak berebiziko garrantzia du. Ezinbestekoa da. Interneten izenik ez duena, ez da. Eta izena duena, izan daiteke. Izana izenak dakar Interneten. Izena ematea zerbait sortzeko lehen urra- tsa da: izan chat bateko nickname-a, edo izan email-aren kontuko erabiltzaile izena. Dena izendatu behar da. Baita webguneak ere. Izenik ematen ez diogun bitartean, webgunea ez da irisgarria izango. Izena behar du, kontsultatua izango bada. Izen propiorik gabe, ez dago informaziorik, ez ezagutzarik. Izenik gabe ez dago partekatzerik, ez kolaboraziorik. Izena da Interneten lekua eskaintzen di- gun toponimoa.
Mundu digitalean izendatzea sortzea da. Edozein eremutan. Programazioan funtzioak izendatzea nahikoa da funtzioak sortzeko. Eta Interneten webguneari izena ematea nahikoa da existitzen dela esateko. Izenak bagarela esan nahi du. Baita offline munduan ere. Norbanako guztiok dugu izen bat. Eta musika talde bat ez da ezer talde-izenik gabe. Izenak garrantzi sinboliko ekidiezina du egun: offline eta online. Eta are gehiago Interneten. Euskal Herria, zatiketa administratibo gabeko Euskal Herria izan daiteke Interneten. Lurraldetasuna berezkoa da. Mugarik gabea: guk nahi duguna izan daiteke Euskal Herria.
Offline existitzen dena online ezkutuan bizi daiteke, izenik gabe: lekurik, paisaiarik, eta geografia birtualik gabe. Eta alderantziz. Interneten badena, offline lortzeke egon daiteke. Batak ez du bestea deuseztatzen. Ez eragiten. Interneten paisaiak ez dira eskluienteak. Ez dira baztertzaileak. Internet aktibo dagoenean bakarrik existitzen den espazio sozial kolektiboa da. Dena mugitzen da. Dena azkar doa. Dena ahazten da. Interneten orain eta hemen balio eta funtzionatzen duena bakarrik existitzen da.
Interneten herriak eta lurraldeak birtualizatu egiten dira. Erlatibizatu. Subjektibizatu. Sareko herrien egitura-errealitatea oinarri fisikoa duten herriekiko ezberdina da: ez dute lurrik, ez aduanarik. Komunitate birtualak mugagabeak dira. Gainjarri egiten dira. Parekatu berauen artean. Elkarrekin bizi dira. Baina badute guztiek ezaugarri bat amankomunean: zerbaitek lotzen ditu. Komunitate birtualak kideen kezka eta ametsetatik sortzen dira. Eta horrek geografia birtuala eraikitzeko adinako indarra du. Eta indargabetu daiteke, eta berriz altxa. Desitxuratu eta osatu, komunitate birtualaren uneoroko errealitate sozialaren arabera. Baina hor dago gakoa: kideek nahi duten bezain sendoa izango da, eta berauek nahi adina iraungo du.
Komunitate birtualak Internetek nortasun kolektiboari eskaintzen dizkion habiak dira. Eta horrexegatik, offline herriek Interneten aukerak profitatu behar dituzte. Euskal Herriak berez dituen lotura sozial bertaratuak gainditu behar ditu: lotura berriak sortuz, birtualak izanik ere. Eta lotura birtualak, berezkoak [errealak?] baino hutsalagoak dira. Baina izaera hutsalagoa duten arren, berezkoak bezain garrantzitsuak eta ezinbestekoak dira: errealitate fisikotik harago doan nortasun kolektiboa sortu eta eraiki nahi badugu. Euskarak komunitate bat behar du Interneten, lehenbailehen. Eta gure esku dago, euskaldunon esku.
Eta izen bat behar dugu. Argi dago. Baina ez da izena jartzea bakarrik. Izena aukeratzetik eta esleitzetik etorriko da komunitatearen sorrera: ez izenetik, izendatzeko erabakitik baizik. Jarrera da, eta ez izen soila. Euskaldunon offline komunitateak kataluniarren online komunitateari [.cat] begiratu behar dio, arretaz. Eta handik ikasi. Hasi. Asko dugu-eta egiteke.
Eta hori guk geuk egin behar dugu, euskaldunok. Internet eta ordenagailu pertsonala tresna hutsak baitira. Ezereza, erabiltzaileon jardunik gabe. Internetek eta ordenagailuek ez dute ezer egiten beren kabuz. Guk erabiltzen ditugu ordenagailuak. Eta guk eraikitzen Internet. Gu gara motorra: erabiltzaileok. Eta egun inoiz baino gehiago. Horrexegatik gure eskuetan dago euskararen, euskaldunon eta Euskal Herriaren internazionalizazio teknologikoa. Guk bakarrik egin dezakegu. Guk bakarrik eraiki dezakegu Euskal Herria Interneten. Eta horretarako izendatzearen erabakia eta elkarlanerako konpromisoa behar ditugu. Hasi izenak pentsatzen, eta izendatzeko moduak eta uneak aukeratzen. Ez dugu denborarik galtzeko. Gelditzea atzean geratzea delako. Eta eraberritzea ezinbestekoa dugulako. Euskal Herria 2.0 hemen dugu. Baina Interneten erakutsi behar dugu: izendatu, sortu, eraiki. Izan. -
|