DONOSTIA
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Garapen Iraunkorrerako Batzordearen bilera izan zen atzo. Gai zerrendan errausteko plantaren inguruko kontuak nagusi ziren arren, batzarra ez zen oso emankorra izan, Luis Maria Oiarbide ahaldunak apenas erantzun baitzuen egindako galderarik. Hartara, Oiarbidek astelehenean izango den beste bilera batera deitu zituen batzar- kideak, bertan aurkeztuko baitu plantaren kokalekuen inguruko azterketa teknikoa.
Aralarrek, Ezker Batuak eta Alderdi Popularrak (PP) eskatuta agertu zen Oiarbide batzar horretara. Izan ere, oposizioko taldeek zera salatu zuten: «Komunikabideen bitartez jaso dugu txostenaren inguruko informazioa, eta ez Aldundiaren bidez». Oiarbidek ukatu egin zuen bere departamentuak prentsari informaziorik eman dionik, nahiz eta ez zuen ukatu ez baieztatu errausteko planta Zubietan eraikitzeko asmoa ote duten.
Joan den ekainaren 23an Donostiako Udalak errausteko planta kokatzeko hiru toki proposatu zituen; bi Landarbaso inguruan eta, hirugarrena, Zubietan. Proposamen horren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta mankomunitateek Txingudikoa salbu Lakuako IngurumenSailari txosten bat eskatzea erabaki zuten batetik eta, bestetik, hiru kokaleku horien inguruko azterketa teknikoa eskatu zuen.
Oraindik orain azterketa tekniko horren emaitzak ez dira ezagutzera eman, eta horregatik ez zuen informaziorik eman nahi izan Oiarbidek atzo; «mankomunitateekin batera eskatu genuen azterketa teknikoa, eta haiek ez dute txostenaren berri oraindik», esan zuen ahaldunak. Hartara, nahiago izan du batzarkideei eta mankomunitateei elkarrekin ematea txostenaren berri datorren asteleheneko bileran.
Errausteko planta Zubietan kokatzea ondo ikusten duen galdetu zion Luis Maria Oiarbideri Ezker Batua taldeko Patxi Coirak, eta modu bertsuan jardun zuen Aralar taldeko Rebeka Uberak ere, Aldundiaren jarrera ezagutzeko moduko galderak etengabe mahai gainean jarriz. Garapen Iraunkorrerako ahaldunak, ordea, ez zuen galdera horietako bat bera ere zuzenean erantzun. «Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du kokaleku bat edo bestea hobetsi inoiz, ez du ez baten ez bestearen aldeko apustua egin eta ez du egingo. Kokaleku posibleen inguruko txostena eskatu zenean Aldundiak erabaki zuen ez duela toki zehatza berak aukeratuko», agertu zuen Oiarbidek. Gauzak horrela, txosten teknikoek eta mankomunitateek hobesten duten kokalekua «ontzat» emango dutela esan zuen.
Uberak bitan galdetu zion Oiarbideri Zubietako bizilagunekin eta Lasarte-Oriako Udalarekin harremanik izan ote duen. Garapen Iraunkorrerako ahaldunak ez zion zuzenean erantzun, eta hondakinen kudeaketaren bueltan «denetariko kontaktuak» izan dituztela esan zuen. «Hamaika kontu landu ditugu eragile sozial eta politiko anitzekin, eta horretarako prest dagoenarekin lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere», esan zuen.
EAko eta EAJko batzarkideek, berriz, Aldundia hondakinen kudeaketaren inguruan egiten ari den lana goraipatu zuten. EAko Jagoba Larburuk bere taldearen babes eta bultzada osoa eskaini zion Oiarbidek zuzentzen duen departamentuari. «Inpresioa daukat azken urteotan Gipuzkoako hondakinen kudeaketan argia ikusten hasiak ote garen», esan zuen Larburuk.