Garraio publiko hobea eskatu dute Soraluzen
SORALUZE
Soraluzen herri plataforma bat osatu dute Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean garraio publikoa hobe dezatela eskatzeko. Herritar taldeak GARAri azaldu zionaren arabera, ospitalea Mendaron dago, osasun-etxeko larrialdi zerbitzua Elgoibarren, eta lanera zein ikastera inguruko udalerrietara joan behar duenak arazo ugari izaten ditu egungo garraio publikoaren antolakuntza eskasa dela-eta.
Irailaren batetik aurrera zenbait zerbitzutan ezarritako murrizketekin, gainera, lehengo arazoak areagotu egin direla nabarmendu zuten soraluzetarrek. «Donostiara eta Gasteizera joateko autobus zerbitzua murriztu egin dute. Elgoibarrera joateko autobus zuzenik ez dugu, eta Eibarrera doazen autobusen ordutegia ezer esan barik aldatu dute», azaldu zuen plataformako kide batek.
Bestalde, atzerapenak egunero ordu laurdenekoak izateaz gain, trenbide zerbitzuarekin dagoen komunikazioa lehen txarra bazen, oraingo aldaketekin are txarragoa dela esan zuten.
Asteartean elkarretaratzea egin zuten, eta bi mila sinaduratik gora bildu dituzte. Udalari «jarrera proaktiboa» eskatzen diote, eta hari zein Aldundiari «irtenbide globala» emateko.
|