Irakaskuntzako sindikatuek grebara deitu dute gaurko
Irakaskuntza arloan Gobernu frantsesak bultzatzen dituen murrizketa etengabeak salatzeko, greba egunera deitu dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako sindikatu guztiek. Greba egiteaz gain, goizeko hamar eta erdietan manifestazioa eginen dute Lapurdiko hiriburuko karriketan. Batasunak ere mobilizaziora deitu zuen.
BAIONA
CFDT, CGT, LAB, UNSA eta FSU sindikatuek bateraturik gaurko greba egunera deitu dituzte hezkuntza sailean lan egiten duten langile guztiak. Aurtengo ikasturtean frantses Hezkuntza Ministerioak egindako murrizketak salatu nahi dituzte, berriz ere, sindikatuek mobilizazio egun horren bidez. Sindikatuek nabarmendu zutenaren arabera, arazoak askotarikoak dira, eta urtetik urtera areagotuz doaz.
Zerbitzu publiko izanik, ikasle guztiei «berdintasuneko» irakaskuntza «demokratikoa» eskaini behar zaien arren, frantses Hezkuntza publikoak ez du baliabiderik ematen. Beharrak handituz joan dira azken urteotan, eta ikasturte hasiera baliatu dute hori salatzeko.
Baliabide eskasia, lanpostuak gutxitzea, ikasgeletan ikasle kopuru sobera izatea eta arazoak dituzten ikasleak irakaskuntzatik baztertzea dira, besteren artean, sindikatuek jakinaraziko dituzten arazoak gaurko mobilizazioa behar dela adierazteko. Lanpostuak murrizteak eragin ezin txarragoak sortzen dituela esan zuten; lan-baldintzak kaskartzearekin, irakaskuntzaren alde errepresiboena eta kontserbadoreena areagotu egiten dela argitu zuten.
Horrez gainera, LAB sindikatuak egun euskararen irakaskuntzan dagoen gabezia salatu zuen, eta horretan lekuko botere publikoek daukaten erantzukizuna agerian jarriko du. Ikasgelak mantendu ahal izateko, urtero bezala, aurten izandako «tirabirak» aipatuko ditu: Seaskak kontratutik kanpo bi lanpostu bere gain hartu behar izana, eredu publikoan lanpostu erdi batzuk ez erdietsi izana, eredu pribatuan lanpostuak frantses hutsezko ereduari hartu behar izana. Bestetik, Batasuna alderdiak gaur izanen den mobilizazio egunean parte hartzera deitu zuen.
|