GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-28
Beste ipotx bat izan nahiko luke
Haurrez bete da belodromoa. Bultzada, kolpe eta kontu txikiz. Barre algara ozenez. adarjotzez. baina denak bukatu dira pantaila handian lehendabiziko robota agertu denean. umeen begietatik ikusi nahiko luke elisak giroa.

Inurriak sabeletik oin puntetaraino nola hedatzen ari diren nabaritzen du Elisak. Egun berezia da gaurkoa, lehendabiziko txangoa eginen baitu umeekin. Donostiako Zinemaldira joanen dira “Robots” filma euskaraz ikustera, eta ez daki haur guztiak ongi gobernatzeko gai izanen den.

Belodromora sartu bezain laster Aitzpea Goenagaren oihuak aditu ditu: «Goizeko izarraaaa! Belaskoeneaaaaa! Lardizabal! Haurtzaroo! Talaiaa!». Ahalik eta ozenen erantzuten diote eskola bakoitzeko ikasleek, indar guztia garrasika xahutu nahiko balute bezala. Eskuak altxatu eta ezker eskuin mugitzen dituzte, eta irribarrea oparitzen diote aurkezleari. «A zer opari pila jasotzen ari den! Hirurehun inguru izanen dira gure ikastetxekoak bakarrik. Berak ezin aurpegitxo bakoitzari begiratu, ordea», pentsatu du irakasleak. Olatua egiteko eskatu die Aitzpea Goenagak, eta ortzadarra baino itsaso koloretsuagoa begiztatu du Elisak. Haurren begietatik ikusi nahiko luke Belodromoan sortu den giroa, xalotasuna berreskuratu, milaka ipotx horietako bat izan.

GAZTE AMESLARIA

«Bost, lau, hiru, bi, bat, zerooooo!». Itzali dituzte argiak eta ezin egonean dago publikoa. Bultzada, kolpe eta kontu txikiak, barre algara ozenak, adarjotzeak... Denak bukatu dira pantaila handian lehendabiziko robota agertu denean. Beno, ia denak. Bihurriren batek ingurukoen alaitasuna leherrarazi baitu laserrarekin puntu gorri bat marraztuz robotaren gainean.

Chris Wedge eta Carlos Saldanha dira “Robots”eko zuzendariak. Aitzinetik bertze animaziozko film luze bat egin zuten elkarrekin: “Ice Age” (2002) arrakastatsua. Bakarka ere egin dituzte lanak: Wedgek Oscarra eskuratu zuen 1998an “Bunny” animaziozko laburrarengatik. Argi naturalaren ezaugarri sotilenak pantailara eramaten dituen Radiosity programa informatikoa erabili zuen. Saldanhak, aldiz, “Ice Age: The Meltdown” (2006) zuzendu du eta “Gone Nutty” bere laburra Oscarrerako izendatu zuten.

Rodney Latorre gazte ameslaria da “Robots”eko protagonista. Hasieratik gustatu zaio Elisari, etengabe diharduelako nahi duena lortzeko borrokan. Ez duelako etsitzen. Rodneyren gurasoak ez dira hagitz aberatsak eta lehengusuen jostailu eta jantziak baino ezin dizkiote eman umeari. Aita ontziak garbitzen aritzen da eta beti erraten du bizimodua berriz hasteko aukera edukiko balu gauza handiak egiten saiatuko litzatekeela. Musikari izaten, adibidez. Horregatik animatu du semea hirira joan eta nahi duena izateko borrokatzera. Asmatzailea da Rodney eta Soldatzaile Handi ezagutzea du amets, hiriko asmatzailerik handiena.

Belodromoko buru txiki guztiak bueltaka dabiltza protagonistari jarraitu nahian, baina ezinezko lana dela iruditzen zaio Elisari, Rodney ibilgailu arraro batean baitoa ziztu bizian, lainoetaraino lehendabizi eta lurrera gero, orain eskuinera eta hurrena ezkerrera, parkeetako jolas beldurgarrienean bezala. Zorabiatu eta pantailatik aldendu du begirada, musika indartsua isildu eta robot gizagaixoa gelditu den arte.

Hirian bada enpresa gizon zital eta handinahi bat, Ratchet izenekoa, pieza eta robot zahar guztiak txikitu eta berriak saldu nahi dituena. Honakoa du lema: «Zergatik izan zu eta ez berritu?». Gorputz atalen bat hondatua duen robot ugari dago ordezko piezarik aurkitu ezinean, eta Rodneyk konpontzen ditu ahal duen bezala. Cappy, Kirten, Piper, Izeba Ipurtandi eta gainerako adiskideekin batera, Ratcheti aurre egin eta Soldatzaile Handiri ilusioa berreskuratzen lagundu dio. Umeak zein pertsonaiarekin identifikatuko diren galdetu dio Elisak bere buruari, eta bere pentsamenduetan murgildu da. Naiarak ekarri du berriro errealitatera, komunera joateko laguntza eskatu dionean.

Autobusean, etxera bueltan, lo dauden umeei begira dago Elisa. Dagoeneko ez du inurririk sentitzen sabeletik oin puntetaraino lasterka. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Miles de personas participan en el Gudari Eguna
Euskal Herria
«Denok batera, prozesuaren aldeko herri ofentsiba bideratzeko» deia berretsi dute
Kultura
«El cine vasco se consolidará como un cine del país, como es debido»
Ekonomia
Iberdrola ve con buenos ojos la entrada de ACS
Mundua
Israel suspende su retirada del sur de Líbano y amenaza con usar la fuerza
Kirolak
Continuismo con lavado de cara
Euskal Herria
Zapatero asume que el proceso sigue donde ETA lo puso el 22-M
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss