GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-28
Luis Goiaren heriotzak goibeldu zuen ustekabean Euskal Zinemaren Eguna
Laurogeiko hamarkadaren hasieran murgildu zen euskal zinemagintzan, arlo hori oraindik ere jorratu gabe zegoenean. Baina, lehenagotik zebilen euskalgintzan eta horretan jarraitu zuen gerora ere. «Euskaldunon Egunkaria»ren sortzaileetakoa izan zen, eta bost egun egin zituen atxiloturik 2003ko otsailean egunkaria itxi zutenean. Bihotzekoa izan zuen ostegunean.

DONOSTIA

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran euskararentzako arlo berriak irekitzen saiatu zen, zinemaren arloan bereziki. Baina lehendik zebilen euskalgintzan, eta horretan jarraitu zuen buru-belarri ondoren ere. Luis Goia “Euskaldunon Egunkaria”ren sortzaileetakoa izan zen, egunkari horretako administrazio kontseilukoa zen, eta bost egun egin zituen inkomunikaturik egunkaria itxi ondoren Guardia Zibilak egin zuen sarekadan erori eta gero.

Joan den ostegunean bihotzekoak eman zion, eta ez du egoera gainditzerik lortu. 55 urte zituen. Herenegun gauean hil zen. Gaur goizean erraustuko dute Errenteriako Zentolen eta hileta bere herrian, Lezon, arratsaldeko zazpietan egingo diote. Ondoren, arratsaldeko zortzietan, haren lagunek azken agurra emango diote Lezoko plazan.

Bide urratzailea

Laurogeiko hamarkadaren hasiera zen. Euskal zinemarik ez zegoen artean. Juanba Berasategi ezinezkoa zirudien egitasmo batekin zebilen garai hartan. Marrazki bizidunekin film luze bat egitea zen haren asmoa, eta Luis Goia egitasmo horretara lerratu zenetako bat izan zen. Geroztik, arlo horretan lanean jarraitu zuen. Ekoizle moduan berak egin duen lana Pablo Malonek zuzendutako “Frio sol de invierno” izan zen, eta orain zuzendari beraren “La sombra de nadie” bukatzen ari ziren. Pablo Malok, hunkituegia zegoela-eta, ez zuen adierazpenik egin nahi izan.

Zinemaldian, bestalde, atzo ospatu zuten Euskal Zinemaren Eguna, eta gaueko ekitaldi nagusian oso gogoan izan zuten Luis Goia.

Euskalgintzari loturik

Euskalgintzari loturik ibili izan da beti. Joxemi Zumalaberen adiskidea zen, eta “Euskaldunon Egunkaria”ren sortzaileetako bat izan zen. Luis del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak atxilotu zuen bere etxean, beste zortzi lagun ere atxilotu zituen sarekada berean. Bost egun inkomunikaturik egin zituen, eta polizia-etxean igarotako egunen lekukotasuna eman zuen “Egunero” egunkariak egin zion elkarrizketan. Juanba Berasategiren “Kalabaza Tripontzia”rekin sartu zen zinemaren munduan. Donostiako Zinemaldiaren sail berezi batean aurkeztu zuten, eta sari bat ere eskuratu zuen. Bideo formatuan ere zabalkunde handia izan zuen lan horrek. Berak zuzendu zuen 1987an “Abenturak eta kalenturak” filma. Baina marrazki bizidunen generoa utzi eta irudi errealarekin lan egiten hasi zen. Antxon Ezeizak zuzendu zuen “Ke arteko egunak” ekoitzi zuen 1989an, eta Koldo Izagirreren “Offeko maitasuna” 1992an. Pablo Malok zuzendutako “Frio sol de invierno” ekoitzi zuen 2004an. Akademia espainolak ematen dituen Goya bat irabazi zuen pelikula horrek. Zuzendari donostiarraren bigarren film bat bukatzen ari ziren egunotan, “La sombra de nadie”, alegia.



«Ezinezkoa zirudiena egin genuen»

DONOSTIA

Laurogeiko hamarkadaren hasiera zen. Atzerrian bai, baina Euskal Herrian inoiz egin gabeko proiektu batekin zebilen Juanba Berasategi. «Alemanian edo AEBetan egiten dira, baina Euskal Herrian ezinezkoa da hori, esaten ziguten, eta guk aurrera egitea erabaki genuen», kontatu zuen atzo Juanba Berastegik.

Inguruan zituen adiskideei egin zien lanerako gonbita, eta Luis Goia agertu zen beste batzuekin batean. “Kalabaza Tripontzia” egiteko lanean hasi ziren. «Garai hartan ez genuen dirurik, esperientzia ere gutxi. Sekulako abentura zen, erokeria bat askoren ustez, eta Luis sartu egin zen eta marrazki bizidunen lehen pelikula egin genuen. Horrela jaio zen ‘Kalabaza Tripontzia’. Mundu hori ezagutu zuen eta hor geratu zen», esan zuen Juanba Berasategik. Jaizkibel enpresa sortu zuten eta zinemaz gainera liburuak atera zituzten, Koldo Izagirreren “Euskal lokuzioak” eta Ramon Etxezarretaren “Hiztegi erotikoa”, esaterako, eta publizitate enpresa bat ere eratu zuten. «Gazteak ginen, ausartak eta lanerako gogoa genuen», esan zuen Berasategik.



Joxean Muńoz: «Publizitatea egiten ere aritu ginen»

DONOSTIA

Jaizkibel enpresan egin zuten topo Joxean Muńozek, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendariak, eta Luis Goiak. «Ni Jaizkibelen sartu nintzenean marrazki bizidunen margotze atalaren arduradun zen Luis. Orain ordenadore bidez egiten den lan horretan sekulako taldea aritzen zen orduan. Enpresaren barruan publizitate atal bat sortu genuen eta Luisek eta biok eraman genuen urte batzuetan ardura hori. Euskaraz eta gaztelaniaz lan egiten genuen. Euskaraz publizitea ondo egiteko garantia bat eskaintzen genuen, eta nagusiki hizkuntza horretan egin genuen lan. Erakundeetako kanpainak egin genituen, esate baterako», esan zuen Joxean Muńozek.

Geroztik saltsa askotan elkarrekin ibiliak omen dira. «Azkeneko aldiz Zinemaldia aurkeztu zen egunean egon ginen elkarrekin», esan zuen Muńozek.

Gasteizko Kultura Sailaren izenean, Luis Goiaren heriotza deitoratuz idazki bat atera zuen atzo Miren Azkaratek. «Pertsona jator bat galtzeaz gainera, gure kultura industrientzako galera handia izan da Luis Goiaren heriotza», zioen idazkiak. Miren Azkaratek «gizon ausart eta irudimen handikotzat» jo zuen Goia, eta egun ere egitasmo handian buru-belarri sarturik zebilela esan zuen.

Xabier Portugalek, bestalde, Goiaren ekarpenik gabe gaur euskal zinema bestelakoa izango zela esan zuen. «Haren ekarpenari esker atera dira aurrera euskal zinemaren arloko hainbat egitasmo», esan zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Miles de personas participan en el Gudari Eguna
Euskal Herria
«Denok batera, prozesuaren aldeko herri ofentsiba bideratzeko» deia berretsi dute
Kultura
«El cine vasco se consolidará como un cine del país, como es debido»
Ekonomia
Iberdrola ve con buenos ojos la entrada de ACS
Mundua
Israel suspende su retirada del sur de Líbano y amenaza con usar la fuerza
Kirolak
Continuismo con lavado de cara
Euskal Herria
Zapatero asume que el proceso sigue donde ETA lo puso el 22-M
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss