GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-28
LATINOAMERIKAKO ZINEMA ETA KULTURA JAIALDIA
«Erdialdeko Amerikako zinema egiteko estatuek borondate gutxi daukate»
Bihar hasiko dira Erdialdeko Amerikako zinema ezagutarazteko Biarritzen antolatu dituzten filmen proiekzioak. Maria Lurdes Cortes Cinergia egiturako ordezkaria jaialdian bertan izan zen, eta, zinema hori aberatsa izan arren, ekoitzi ahal izateko arazo handiak dituztela nabarmendu zuen. Estatuen borondate falta salatu zuen.

BIARRITZ

Erdialdeko Amerikako herrietako zinema ekoizpena ezagutzeko parada ematea erabaki du aurten Biarrizko Latinoamerikako Jaialdiak. Nazioarteko jaialdietan Brasil, Txile edo Argentinako zinema handizki aipatua bada ere, Erdialdeko Amerikan dauden sei herri horietan egiten den lana ezezaguna da. Hori esan zuen, bederen, atzo Maria Lurdes Cortes Cinergia izeneko egiturako arduradunak. Eta, errealitate hori ezagutarazteko, zinema horren historia aipagai duen liburua kaleratu du.

«Latinoamerikako zinemari buruz idatziak izan diren liburuek gutxi aipatzen dute Erdialdeko Ameriketako zinema», nabarmendu zuen Cortesek.

El Salvador, Nikaragua, Honduras, Panama eta Costa Rica herriak Erdialdeko Amerikan daude, eta Cortesen hitzetan, zinema ekoizpenak hedatzen hasi dira.

«Hango gobernuengandik ez dago zineman dirua emateko xederik. Garai batean egiten zen, baina, bereziki ideologiari loturiko filmak kaleratzeko. El Salvadorren gerla zelarik eta Nikaraguan Sandinistak boterean zeudelarik film asko atera ziren. Baina, horietatik kanpo, egun zinema egin nahi badu, diru asko izan behar du zinemagileak, ez baitu inolako laguntzarik», agertu zuen. Horrez gain, sei herri horiek txikiak izanik merkatua murritza zela argitu zuen, eta zinema gehienek Estatu Batuetan egindako filmak agertzen zituztela nabarmendu.

Gerla ondoko zinema

«Duela lau urte sortu den Cinergia egituraren xedea, izan ere, Estatuen gabezia hori betetzea da. Erdialdeko Amerikan dauden sei herri horietan lan egiten dugu, eta helburua da koprodukzioak bultzatzea zinemagileak laguntzeko. Horrez gain, nazioarteko herrien laguntza ere eskuratzen dugu. Lehiaketak zabaltzen ditugu eta zinemagileek proiektuak aurkezten dizkigute», esan zuen.

Berezko ekoizpen hori sustatzeko Kubaren laguntza zutela gogora ekarri zuen Lurdesek. «Oso zinema ona egiten dute Kuban bitarteko gutxirekin. Teknikan oso onak dira, beraz, haiekin ikastaroak antolatzen ditugu gure herrietako zinemagileak laguntzeko», esan zuen.

Hala, lehen urtean Cinergiak hirurogeita hamazazpi proiektu eskuratu zituen, eta aurten, berriz, ehun eta berrogeita hamahiru. «Horrek argi adierazten du gauzak egiten direla eremu horretan», esan zuen Cortesek.

Egun zinemagileek aipatzen dituzten gaiak anitzak direla adierazi zuen Cinergiako arduradunak. «Halere, gai gehienek gerla ondorengo garaia aipatzen dute. Salaketa film asko egiten dira, baita immigrazioari buruzkoak ere. Itxaropen handia dago, eta, beraz, gauza asko dago esateko», azaldu zuen azkenik Maria Lurdes Cortesek.



Mexikoko CCC eskolari omenaldia

BIARRITZ

Programa zabala da egunero Biarrizko jaialdian agertzen dena. Eta, lehiaketa edo lehiaketatik kanpo ikusgai diren filmez gain, gaurko proiekzioetan CCC Mexikoko Eskolari jaialdiak egin nahi izan dion omenaldia dago. Kari horretara, Iria Gomezen “Dime lo que sientes”, Luciana Gorostizaren “Rebeca a esas alturas”, eta Rodrigo Pla egilearen “El ojo en la nuca” filmak ikusten ahalko dira goizean. Eta, arratsaldean, Everardo Gonzalezen “La cancion del Pulque” eta Gabriela Monroyen “Un viaje” proiektatuko dituzte. Bestalde, Maria Lurdes Cortes Cinergiako arduradunak Erdialdeko Amerikako zinemari buruzko hitzaldia emango du arratsaldeko lauretan. Literatura sailean, David Toscana idazle Mexikarrarekin topaketa izanen da goizeko hamarretan. Latinoamerikako zinema eta kulturen besta behar bezala ospatzeko, gauean, Brasilgo Zabumba-E eta Dazaboumba taldeak izango dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Miles de personas participan en el Gudari Eguna
Euskal Herria
«Denok batera, prozesuaren aldeko herri ofentsiba bideratzeko» deia berretsi dute
Kultura
«El cine vasco se consolidará como un cine del país, como es debido»
Ekonomia
Iberdrola ve con buenos ojos la entrada de ACS
Mundua
Israel suspende su retirada del sur de Líbano y amenaza con usar la fuerza
Kirolak
Continuismo con lavado de cara
Euskal Herria
Zapatero asume que el proceso sigue donde ETA lo puso el 22-M
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss