Aimar datorren asteazkenean agertuko da berriro Atarrabian
DONOSTIA
Aurkezpen ekitaldiek pilotariei argazkiak ateratzeko balio izaten dute batez ere, eta kirolarien iritziak jasotzeko. Atzo, argazkilari gehienak Olaizola II.aren inguruan bildu ziren, normala den moduan. Goizuetakoak kaiolan hiru txapel jantziak ditu jadanik eta bera izan da irabazlea azken bi urteetan.
Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan Irujok menderatu zuen arren, Iberokoak ez du orain arte Txapelketan bere gaitasuna erakutsi eta, berriz ere, Aimar Olaizola izango da lehiaketa irabazteko faborito nagusia.
Badirudi Adarragan izandako lesioa nahiko gaindituta dagoela, eta datorren asteazkenean agertuko da berriro Atarrabiako pilotalekuan. Otxandorenarekin jokatuko du Bengoetxea VI.a eta Patxi Ruizen aurka, San Mateo Torneoko irabazleen aurka, hain justu. Urriko azken astebururako sasoi betean egon beharko luke pilotari nafarrak.
|