GARA
Google interneteko buru izateko bidean da
Interneteko buru izateko Yahoo-ren eta Google-ren arteko lehian kontuak gero eta argiago daude. Oraindik ere Yahook jarraitzen du lehenpostuan, baina aste honetan Googleekegindako erosketak kinka larrian jarri du zerrenda. Izan ere, sareko bilatzaileospetsuak YouTubeerosi du eta, horri esker, AEBetan interneteko lekurik bisitatuenen bigarren postua eskuratu du.
Google interneteko bilatzaileak erabiltzaileak gehitzen jarraitzen du zerbitzu berriak abiarazita, eta dagoeneko Yahoo-ri, lehiakide nagusiari, aurrea hartzeko posizio ezin hobea hartu du. Izan ere, aste honetan bertan YouTube konpainia erosi du 1.310 milioi euro- ren truke; hain zuzen ere, sareko bideo deskargetan buru zen konpainia. Erosketarekin, Google AEBetan hirugarren lekurik bisitatuena izatetik bigarren postura igo da Nielsen NetRatings enpresaren arabera. Zehazki, YouTube-ko eta Google-ko erabiltzaileak batuta, 101 milioi bisita izan dituzte; Yahook, berriz, 106,7 milioi izan ditu. Ondoren, MSN dago 98,5 milioi bisitarekin. Modu horretan, akordioak sakelako telefonoarekin edo kamera batekin ekoitzitako bideoak zabaltzeko aukera emango dio mundu osoko milaka pertsonari. Nahiz eta YouTube oraindik ez den errentagarria, Googleko arduradunek erosketak helburu estrategikoa duela esan dute. Alde horretatik, interneteko bilatzailearen zuzendari exekutibo Eric Schmidt-ek esan zuen eskuratzea «interneteko bilakaeran hurrengo pausoa» dela. YouTuberen bilakaera, hala eta guztiz ere, ikaraga- rria izan da. 2005eko otsailean sortu zuten, eta une honetan egunero 100 milioi bideo deskargatzen ditu. Google-k esandakoaren arabera, erosketaren 1.310 milioi euroak ordaintzeko bere akzioak erabiliko ditu, eta YouTubeko sortzaileak, Chad Hurley eta Steve Chen, baita bertako 65 langileak ere, Google-ko enplegatu izatera pasatuko dira. Horiek guztiek era independentean lan egiten jarraituko dute, hala ere; eta euren izen eta marka izaten jarraituko dute, gainera. «Baterakuntza honekin, mundu guztiko bitartekoetarako belaunaldi berriko plataforma bat eratzeko helburua lortzeko beharrezkoak diren malgutasun eta baliabideak edukitzea espero dugu», esan zuen Chad Hurley-k. Erosketa, beraz, dirutan egingo dute urte amaierarako, eta horrela bilatzaileak azken hilabeteetan egile-eskubideekin izandako hainbat arazo konpondu nahi ditu. Aipagarria da, halaber, Google 1998. urtean sortu zutenetik egindako hamabost eragiketetatik garrantzitsuena hauxe dela. Googleko arduradunak oso baikor agertu dira erosketarekin. Horiek hala, Portugalgo eta Estatu espainoleko konpainiaren zuzendari nagusi Isabel Aguilerak adierazi zuen erosketak Interneteko bideo deskargen merkatuko %47 eskuratzeko modua emango diela. Baina erosketa ez da merkatu kuota eta diru kontuetan geratzen; hori diote, behintzat, bi konpainietako arduradunek. Biek «antzeko balioak» dituztela argitu du Schmidt-ek, eta biek erabiltzaileei lehentasuna ematen diete beti, eta hori gutxi balitz bezala, «interneteko esperientzia hobetzeko berritzen» saiatzen dira uneoro, Schimdt-en ustez. Googlek egun 7.000 bat langile ditu, baina 1998an sortu zutenean, lau langilek bakarrik lan egiten zuten bertan, eta milioi bat dolarreko inbertsioa egin zuten. -
|