Iturriaga eta Elortzaren saioak irekiko du Bertsoaroa
IRUÑEA
Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren saioak irekiko du Bertsoaroa datorren asteartean Iruñean, Gurutzeko Plazako Institutuan, Joxema Leitzaren aginduetara. Bi bertsolari bizkaitarren arteko buruz buruko saioa izango da bertsoa, poesia eta hitza ardatz dituen ekitaldi sortari hasiera emango diona. Guztira hiru bertso saio, bi hitzaldi eta bi kontzertu iragarri dituzte.Hilaren 24an Jon Maia izango da “Euskal kultura eta bertsolaritza erdal guneetan” hitzaldia eskainiko duena, Erraldoien Txokoan. 26an Gurutzeko Plazako Institutuan Mugaldekoak taldearen ikuskizuna izango da, “Mugaz gaindiko kontrabandistak”, Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe, Raul Garcia Etxeberria eta Jordi Serraren gidaritzapean. Bertsoaren gaineko egitasmoak aurrera egingo du eta azaroaren 2an Erika Lagoma, Julio Soto, Oier Lakuntza eta Beñat Gaztelumendi Alaiz Rekondoren esanetara arituko dira. Gurutze Plazako Institutuan izango da. Leku berean, azaroaren 7an, berriz, Jabier Muguruzak bere azken lana, aurkeztuko du kontzertuan, “Abenduak 29”. Azkenik, azaroaren 9an, toki berean, Xabier Silveira, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsotan arituko dira. Josu Goikoetxea izango dute gai-jartzaile. Ekitaldi guztiak 20.00etan izango dira.
|