GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 15-10-2006
Julen Murgoitio
Ospa

Egutegi madarikatua! Ezkertiarroi gorriaren alde egiten dugun etengabeko apustu bide horretan ezinbestekoa egiten zaigu egutegiko hainbat gorriren aurka egitea. Horra, urriak hamabi ditueneko gorria. Sobera dago hemen esatea gorri horrek daukan jatorria, planeta honetan diren hainbat mundutan ziren tasun asko keria bakar bihurtu zuen jatorri madarikatua. Lehengo eguneko ondorioak hortxe dira, desfileak eta ospakizunak. Desfileak Iruñeko etorbide handietan, piperpotoak haizetara, esku-azpiak irmo luzatuta kaleko zoruaren paraleloan; ai ene! etorbide horiek noiz joanbide bihurtuko! kasu honetan, eta salbuespen modura, ez ninduke arduratuko bideok beste errei birekin zabaldu behar izateak!.Behin betiko Irteera Operazioa. Desfileak eta ospakizunak. Horra koartel-etxeetako patioan bilduta, berde trans- genikoa nagusi, gorpuaren zaindaria ospatzen, eliza lagun, artzapezpikua bera hiru erpineko txapelokerrak hartuta, amen, aberria salbo irautearen beharra hitzetik hortzera, horra, euren garapen iraunkorraren funtsa!; euren aberri zer horri arribaka, behin eta berriz. Aberri onartua ez dugunok goraka ibiltzea askoz ere zilegiagoa zait euren aberriaren izenean gurea indarrez ukatzen dutenak arribaka ibiltzea baino. Zer ikusirik ez! Ez da harritzekoa hainbeste arriba eta arriba ibili ondoren beren aberrian lehortea izatea, normal! hodeiak azpitik igarotzen zaizkie eta!, urtegiak biderkatzen zituen tipo haren esperoan bizi da fededun asko, oraindik ere, arriba-lehortea-urtegia-arriba ziklo ustelean. Tira, ospakizunak ospakizun, noiz ospatu behar ote dugu euskaldunok txapelokerrak hemendik ospa egin izana? Ozta-ozta lortuko dugu hori bertoko agintari nazionalistek amen gehiago egiten badiote egutegi ofizialeko gorriari artzapezpikuek bibliari berari baino. Ospa egiteko egun hori bai beharko gorria egutegian gero! edo, hobeto, aste osoa gorriz, lana eta aisia uztartu beharra dago eta! Bitartean, baina, bai madarikatua egutegiko gorri hori! eta horren modura abenduak bere seigarrenean dakarren hura ere!

Ez, ez da erraza izango euskal herritarrok biharko lan-egutegia adostasunez finkatzea. Zeini jarri gorria egutegian? Pentsa, estatu laikoa bada gurea, hau da, eliza Gobernuz Kanpoko Erakundea bada, igande guztiak beltzez beharko! Asteazkena hartu asteko atseden? Ala hiru egun astero gorriz? Patronalak zer esango? Hauxe lelokeria bota dudana! Patronala esan dut, konturatu gabe estatu laiko batean ez dela patronalik. Ai, ama! Tira! egun batzuk gorriz seinalatzeko ez dut uste arazo handirik izango denik. Esate baterako, Tourra Pirinioetatik pasatzeko egunak gorriz baietz! Eta zer egin santuekin? asmatu beharko da beste aitzakiaren bat herrietan jaiak izan daitezen. Eta jakina, ohitura ez galtzearren gorrizko egun batzuk modu estrategikoan kokatu beharko dira biharko egutegian, zubirako aukera eman dezaten. Kontua, baina, beste alde batetik etorriko da, zeini enkargatu zubiaren diseinua? Eta horretan ere ez da desadostasun falta izango herritarron artean, batzuek kosta ahala kosta nahi izango baitute kanpotarra izatea. Ez, ez da erraza aurrean daukagun egutegia. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Mensaje de firmeza y pocas cosas nuevas
Jendartea
Condenado a once meses por agredir a un inmigrante
Jendartea
«Orain da garaia AHTren aurka etengabe ekiteko»
Euskal Herria
Ningún sector político niega ya que el derecho a decidir corresponde a la ciudadanía vasca
Kirolak
Athletic Reala baino dezente gehiago izan da historiako lehen derbian
Mundua
El Consejo de Seguridad impone sanciones rebajadas a Pyongyang
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss