Pello Apezetxea - Apaiza
Togak, guardiaren hiruadarrekoak, kalotak
Epailearen toga, guardiaren hiruadarreko kapela eta apezpikuaren kalota. Hiru funtziotako gizonen sinboloak. Batzuen eta bertzeen eskubideak aztertzen dituena eta beraiek zaintzen justiziaren arabera: hori dira, omen dira, epaileak. Justiziaren iduria den anderea eredu dutena: ezpata esku batean, balantza bertzean, eta begiak estaliak, alde bateko zein bertzekoa ez ikusteko, bataren eta bertzearen oker eta zuzenei buruzko juzkua ahalik eta partzialitate tikienaz betetzeko. Dena den, gertatzen ahal den partzialitate tikia, izatekotan, ahularen alde jartzeko da, ahularen babesa epailearen eskuetan dago, indartsu eta harroengandik datorkion erasotikako babesa epailea bera baita.Hiruadarreko kapeladunak epailearen erabakiak eta epaiak betearazteko bitartekoak dira, kargudun, dirudun nahiz izen handikoek hanka egin ez dezaten juzkuaren erranetik, epailearen erabaki eta aginduak hitz huts eta paper huts bilaka ez daitezen. Dirudun eta kargudunaren iruzurrak eta ebasketak zigorrik gabe geldi ez daitezen. Honek ere tikiaren zaintzea luke eginkizun, zapaltzaileen ekintzek hura gal ez dezaten. Kalota daraman elizgizona, kapelatxo gorri horrek dioen bezala: soli Deo, Jainkoari soilik, Jainkoari soilik begira ari den gizona da, Jesu Kristoren Jainko eta jende guztien Aitari begira ari dena. Bere seme-alaba guztiak maite dituen eta nabarmenki seme-alaba tiki eta ahulen aldeko jarrera duen Aita. Handi izateko bidea, txiki eta zerbitzari izatera deitzen gaituena. Hori dena teoria da. Nola beharko luketen, alegia, jokatu, epaileek, hiruadarrekoek zein apezpikuek, euren jokabideak markatzen dituzten legeen, gidarien eta maisuen bideak jarraituz gero. Teoriak, ordea, anitzetan, liburuetan eta bulegoko paper multzoetan lo egiten du. Legebiltzarrek onetsitako lege liburuak, epaileen epaien paper multzo bukaezinak, Kristoren ebanjelioa, mahaiak eta apalak apaintzeko, eta elizkizunetan irakurtzeko erabiltzen dira. Horretaz gain, ustezko gogoetarako, etxean minutu batzuez begiratzeko, zenbaitetan ere bai. Eta kito. Baina zer bilakatzen da teoria hori, epaileak tikia neurrigabeko zigorrera kondenatzen duenean? Zer azterketa burutzen du epaileak 20 urteko epaia 30era luzatzen badu, horretarako aski arrazoirik gabe, eta 30 urtekoa 10 edo 5era murrizten badu, justifikaziorik gabe? Eta, hain zuzen, zigorra murriztea handiei egokitzen zaie, eta luzatzea, berriz, jende txikiei. Ez zaigu harritzeko samar egiten karrikan agertzen den jende arrunta, kargugabea, dirugabea, hori izatea batez ere segurtasun polizia edo indarrek begiratua, eta hainbat aldiz oztopatua eta zigortua? Ez bada atxilotua! Noiz ikusi ditugu segurtasun indarrak omen direnak, enpresarien taldea edo dirudun handietakoak begiratzen, oztopatzen, atxilotzen eta zigortzen? Eta erranak dioen bezala, salbuespen bakarren batek ez du egunerokoa egiaztatu baizik egiten. Baina militarrak badabiltza armaren erakustaldia egiten, eta apezpikua armadunak txalotzen; areago, kalotadunak militarren hiruadarrekoa buruan harro jazten badu, non da zuzenbidezko estatua? Baina epaileak, apezpikuak, botoz hautatutako agintedunak, lege- gileak eta militarrak elkartzen badira, elkar omen- tzeko, eta bertako jendeei erronka joz, botere konkistatzaile bailiran? Ez da hau diktadura frankistaren sasoi gogorrenean ikusitako nazional-katolizismoa? -
|