ARANTZAZU
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak euskal herritarrek «indarkeriaren eta amorruaren hormarik gabe elkarri begietara begiratzeko erronka» daukatela adierazi zuen atzo eta etorkizunean «iraganeko akatsak» ez errepikatzeko eskatu zuen «zauriak larriak eta hormak handiak badira ere».Ibarretxek Arantzazun egin zituen adierazpen horiek, Baketik Arantzazuko Bake Zentroko inaugurazio ekitaldian. Harekin batera, Unescoko zuzendari nagusi ohi eta egungo Cultura de Paz Fundazioko presidente Federico Mayor Zaragoza izan zen, baita Jonan Fernandez Baketik-eko burua eta Iñaki Beristain apaiza frantziskotarra ere.
Ekitaldian alderdi guztietako ordezkariak egon ziren, PPkoak izan ezik. Bertan izan ziren EAJko Joseba Egibar eta Josune Ariztondo, PSEko Alberto Buen eta Antton Arburu,Batasuneko Pernando Barrena eta Mikel Zubimendi, EAko Joseba Azkarraga, EBko Antton Karrera eta Felix Taberna ordezkariak eta Patxi Zabaleta Aralarreko burua.
Beste aurpegi ezagun batzuk ere izan ziren atzo Arantzazun, besteak beste, Iñigo Lamarca arartekoa, Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Juan Maria Atutxa Barne sailburu ohia eta Lakarriko koordinatzaile Paul Rios.
Lehendakariak giza eskubideak «lur sakratu» bihurtzearen alde egin zuen eta gai horren gainean atzerapausorik ez onartzeko eskatu zion euskal gizarteari. «Besteari begirada etiko batekin begiratzeak giza eskubideak lur sakratu bihurtzera eramango gaitu; zabaldu eta babestu behar den lur sakratu», zehaztu zuen.
Bizikidetzarako akordioa
Bizikidetzarako akordioa lortzeaz gain, baina, besteei «gorrotorik gabe begiratzea» ere beharrezkoa izango dela agertu zuen. Hala ere, memoria kritikoa izatearen beharra nabarmendu zuen. «Iraganera begiratu behar dugu memoria kritikoa izateko, euskal gizarteak ezin baitu bake eta normalizazio prozesua ahanzturatik eraiki; memorian oinarrituta eraiki behar du», adierazi zuen.
Horren haritik, ondokoa gaineratu zuen Ibarretxek: «Egiaren bilaketa baztertu beharrean bilaketa hori exijituko duen adiskidetzearen beharra dago; etorkizunari begiratuko diona, iraganeko akatsak ez errepikatzeko konpromisoa izango duena». Horretarako, euskal herritarrek ondo prestatuta egon beharko dutela agertu zuen eta hori Baketik-eko helburuetako bat izatea txalotu zuen.
Mila boluntario hezi
Lehendakariak euskal gizarteak porrot egiteari beldurrik ez diola ohartarazi zuen eta aurrera egiteko «bideak» bilatuko dituela esan zuen. «Bilatzen ez badituzte, asmatu egingo dituzte», ziurtatu zuen. Hortaz, pozik agertu zen Baketik «bakerako bidea ibiltzen duen eta euskal gizarteari lagunduko dion oinarrizko euskarria» delako.
Jonan Fernandezek ere hitza hartu zuen atzoko ekitaldian eta herritarren parte-hartzeaz aritu zen. Horrela, «bake prozesu» batean gizartearen parte-hartzea ezin dela iritzia ematera eta erabakitzera mugatu nabarmendu zuen. «Parte-hartze hori arazoak etikoki eztabaidatzen ikastean eta bakerako kultura sortzeko konpromisoa hartzean ere oinarritzen da», azaldu zuen.Bide horretan Baketik zentroak bere ekarpena ere egin nahi duela jakinarazi zuen Fernandezek eta, hortaz, 2008. urtea baino lehen baketzearen alde lan egingo duten mila boluntario hezi nahi dituztela aurreratu zuen.
Federico Mayor Zaragozak ere berba egin zuen Arantzazun eta Euskal Herrian irekitako prozesuak arrakasta izatea desiratu zuen eta, gainera, arrakasta hori «behar» duela azaldu zuen. Hala, hitz egiten ausartzeko beharra nabarmendu zuen, baita entzuten jakitearena ere. «Bakoitzak bere jarrera izatea guztiz normala da, bainaonartezina da inposizio eta gai eztabaidaezinak egotea», esan zuen Mayor Zaragozak.