DONOSTIA
Asier Altuna azkoitiarra eta Angel Murgoitio soraluzetarra aske geratuko dira Auzitegi Nazional espainolak ezarritako zigorra oso-osorik bete ostean.Altuna eta Murgoiti 2001eko urriaren 17an Gipuzkoan eta Bizkaian Polizia espainolak aurrera eramandako polizia-operazio batean atxilotu zituzten, beste bost pertsonarekin batera. Askatasunak gogora ekarri duenez, zazpi euskal herritarrak «bortizki atxilotu» zituzten. Asier Altunaren bila joan zirenean, Polizia espainolak etxeko atea lehergailu batekin bota zuela ekarri du gogora errepresioaren kontrako antolakundeak.
Altunari eta Murgoitiri erakunde «armatuko kide izatea» leporatu zieten eta inkomunikaturik sartu zituzten espetxean.
Murgoiti, Aranjuezeko espetxean, Alcala Mecon eta Mausillan (Leonen) egon da preso. Altuna, aldiz, Aranjuezen, Alcala Mecon eta Monterroxoko (Galizian) espetxeetan egon da. Gaur, bost urte espetxean eman ostean, Altuna eta Murgoiti aske geldituko dira. Askatasunak prentsa adierazpen baten bidez, haien herrietan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du.
Eskubideen urraketa
Bestetik, estatu espainoleko eta frantseseko espetxeetan 611 euskal preso politikok sakabanaturik jarraitzen dutela nabarmendu eta haien eskubide guztiak ezabatuta daudela kritikatu du. Bere aburuz, gobernu espainolak eta frantsesak «espetxe politika kriminal eta hiltzaile baten gatibu» bilakatu dituzte euskal preso politiko guztiak.Errealitate horren atzean, «Gobernu espainolak preso politikoak negoziaziorako tresna bilakatzeko nahia» dagoela esan du. Presoek eta haien senitartekoek bizi duten egoera aldatzeko, herritarrei eta bereziki eragile politiko eta sozialei arduraz jokatzeko eskatu die.
Bestetik, Urretxu-Zumarragan 60 lagun elkarretaratzea egin zuten atzo euskal presoen eskubideen alde eta Donostian, Iñaki de Juanarekin elkartasunean giza katea burutu zuten. Epaiketari begira autobus bat antolatuko dute.
EPPK-k hamaika elkartasun keinu jaso ditu
nazioartetik
Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekiko elkartasun keinuak etengabe ari dira iristen nazioartetik. Aurreko asteetan Portugal, Okzitania, Eskozia, Irlanda, Mexiko, Galizia eta Argentina herrialdeak protagonistak izan ziren, eta oraingoan, berriz, Bretainia, Panama, Berlin eta Paris izan dira protesten agertokiak. EPPK-k bizi duen egoera kaleratzeko xedez, elkarretaratzeak egin eta eskuorriak banatu dituzte. -