GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 15-10-2006
Nafarroa Oinez jaialdia gaur iritsiko da berriz Berako Labiaga ikastolara
Azken hamar urteotan, Nafarroako Gobernuak ez ditu DBHko ikasketak legeztatu eta, ondorioz, 2.260.000 euroko zorra sortu du. Gaur haize berria iritsiko da Labiaga ikastolara. Gaur eskuratuko duten diruarekin zor hori kitatzen ahaleginduko dira eta, horretarako, zazpi gunetan banatutako ibilbidea prestatu dute. Umeek, gazteek eta horren gazteak ez direnek ondo pasatzeko aukera aurkituko dute Nafarroa Oinez-erako antolatutako egitarau oparoan.

BERA

Labiaga ikastolako lagunak urte osoan lanean aritu ostean, uzta jasotzeko garaia heldu da Berara. Dena prest dago Larrun magalean Euskal Herri osoko euskaltzaleak biltzeko.

Berak hirugarren aldiz jasoko du gaur Nafarroako ikastolen aldeko jaialdia. 1983an izan zen lehen aldia eta 1994an bigarrena. Labiaga ikastolak 32 urteko ibilbide luzea badu ere, haren egoera ekonomikoa ez da samurra. Berako herritarren sostengu osoa duen arren, ezin da gauza bera esan Nafarroako erakundeez.

Azken hamar urteetan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez ditu Labiaga ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasketak legeztatu, ezta hitzartu ere. Horren ondorioz, 2.260.000 euro inguruko inbertsioa Berako guraso, irakasle eta herritarren esku gelditu da. Gaurko festan lortuko duten diruarekin, beraz, ikastolaren egoera ekonomikoa arintzea dute helburu antolatzaileek.

Hamar urtez egindako ahaleginaren ostean, ikastolaren proiektua herri ekimenez aitzinera eraman ondotik, aurtengo jaialdirako hautatu duten leloak ondo adierazten du Labiaga ikastolako kideen asmoa: «Baietz oraingoan, ikastolaren etorkizuna eskuratu».

Asmo horiek egi bihurtzeko, zazpi gunetan banatutako 6,7 kilometroko ibilbidea antolatu dute. Bera herria zeharkatzen duen ibilbideak «bista paregabeak» dituela azaldu dute antolatzaileek eta nagikeriak albo batera utzi eta ibilbidea egitera animatzen dute; aldapatxo bat kenduta ibilbidea laua eta asfaltatua dela gogorarazi dute antolatzaileak.

Ibilbide osoan zehar ondo pasatzeko aukera izango da, egitarau oparoa eskainiko baitute gune guztietan. Kapoeira ikastaroa, batukada, txalaparta topaketa, kontzertuak... izango dira topa daitezkeen ekitaldie- tako batzuk. Etxeko txikiek ere ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute gaur; bertan, Txan magoa, pailazoak, puzgarriak eta poniak izango baitira besteren artean.

Aurtengo jaialdiko berritasuna etxeko txikienentzat da. Bilduko den jende andanaren artean umeak galtzea saihesteko, eskumuturrekoak banatuko dituzte sarreran eta bertan haien izena, gurasoen telefonoa eta herria jarrita, umeak galduz gero, aurkitzen dituztenak telefonora deitu eta gurasoekin harremanetan jarriko dira.

Bestetik, horrelako jaialdietan ohikoa izaten den moduan, jateko eta edateko hamaika aukera izango dira; baina antolatzaileek bi nabarmendu nahi izan dituzte. Lamixinel gunean, laugarrenean, 24 euroren truke sagardotegi menua egongo da; azken gunean, aldiz, paella egongo da 15 euroan. Bi menu horiek aukeratzen dituztenak arin ibili beharko dira gune horietan bertan txartelak erosiz.

Oiartzunen egindako Kilometroetan egin bezala, Nafarroa Oinez-en ere, berriz erabil daitezken edalontziak erabiliko dituzte; era honetako jaietan sortzen den zabor kopurua gutxitzeko xedez.

Aurtengo Nafarroa Oinez, aldiz, ez da Euskal Herrira mugatuko, bideokonferentzia bidez Europako eta Amerikako hainbat euskal etxerekin harremanetan jarriko baitira, haiek ere jaialdian parte hartzeko parada izan dezaten. Hori guztia zazpigarren gunean izango da.

Antolatzaileek autobusez joateko deia zabaldu dute 400 autobusentzako aparkalekua prest baitute. Autoz doazenek ere 24.000 auto ingururentzako aparkalekua topatuko dute eta Lesakako aparkalekutik autobusa ere antolatu dute.

Labiaga ikastolak hamar urtean erakundeen ukazioa jaso ostean, gaurko Nafarroa Oinez-en euskal herritarren babesa eta berotasuna jasoko du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Mensaje de firmeza y pocas cosas nuevas
Jendartea
Condenado a once meses por agredir a un inmigrante
Jendartea
«Orain da garaia AHTren aurka etengabe ekiteko»
Euskal Herria
Ningún sector político niega ya que el derecho a decidir corresponde a la ciudadanía vasca
Kirolak
Athletic Reala baino dezente gehiago izan da historiako lehen derbian
Mundua
El Consejo de Seguridad impone sanciones rebajadas a Pyongyang
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss