Tolosak gauzak bere lekuan jarri ditu bigarren zatian
·Baionarrak 9-0 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera
AVIRON 9 TOLOSA 20
BAIONA
Avironek sailkapeneko azkeneko postuan jarraitu beharko du, atzo etxean Tolosaren aurka galdu ostean. Dena dela, euskaldunek ez zuten itxura txarra eman, batez ere lehen zatian.Avironek norgehiagoka zaila zeukan, Tolosa sailkapeneko lehen postuetan baitago, eta Liga irabazteko ere faboritoetako bat baita. Dena dela, euskaldunak lehen zatian hobeak izan ziren. Atzean sendo aritu ziren, Okzitaniako taldeari aukerarik eman gabe, eta erasoan min gehiegi egin ez bazuten ere, hiru zigor-kolpe behintzat atera zituzten, eta horiei esker lapurtarrak 9-0 aurreratu ziren markagailuan. Dourthe min hartuta egon ostean, atzo agertu zen berrio ere, eta izan zituen aukera guztiak ez zituen alferrik galdu. 9-0ekoarekin, jendeak itxaropen handia zuen. Iaz ere Tolosa menderatu zuten, eta aurten ere gauza bera egingo zutelako itxaro- penarekin heldu ziren atsedenera. Bigarren zatian, ordea, Tolosak gauzak bere tokian jarri nahi izan zituen. Stade partida erabakitzera zelairatu zen, eta lehen hamabost minutuetan hiru puntura gerturatu zen, bi zigor-kolpe gauzatu ostean. Avironek nahi zuen, baina Tolosa ez zen horrekin konformatzen, eta bost minututan transformatutako bi entsegu egin zituen, eta 9-20 aurreratu zen. Oraindik hamar minutu geratzen ziren neurketa amaitzeko, baina Avironek ezin izan zuen ezer egin. Baionarrak ahalegindu ziren geratzen zen denbora horretan kanpotarren entseguko marrara heltzen, baina Tolosak ez zuen ezer egiten utzi. Eurak emaitza horrekin konforme zeuden, eta ahalegin gehiago ere ez zuten egin. Avironek, aldiz, galduta ere puntu gehigarri bat nahi zuen, baina azkenean hori ere ez zuen lortu, eta esku hutsik geratu zen. Lanean jarraitu beharko dute sartuta dauden zulo beltz horretatik irten ahal izateko.
|