Christian MAUDET | RFF egiturako proiektu arduraduna
«AHT egitasmoak dimentsio estrategiko handia dauka Europan»
AHTri buruzko eztabaida publikoa erdibidean dago. Abenduaren 29an burutu ostean, emaitzak plazaratuko dituzte, eta ondotik, 2007. urtean, RFF (Trenbide Sareko Azpiegituren Kudeatzaile Frantsesa) egiturak aurkezturiko hiru proposamenen artean egindako hautua plazaratu beharko du. Tren linea berri hori salgaien garraioa handitzeko eta Madril eta Paris epe laburrean lotzeko egingo dute.
Hamar bat bilkura egin dituzte joan den abuztuaren 30ean eztabaida publikoa abiatu zutenetik, eta guztietan handia izan da herritarren parte-hartzea. Trenbide ertzean bizi direnen beldurrak alde batera utzita, elkarte eta hautetsien egiturek zalantzan jarri dute RFFk proposatzen duen linea berriaren beharra bera. Hala, azterketa gehiago egiteko eskatu dute. Herritarrek kezka ugari izan arren, baina, proiektuak aurrera egiten du. RFF egiturak Paris eta Madril epe laburrean lotuko dituen eta salgaiak bideratuko dituen tren linea horrentzat hiru proposamen egin ditu. Batak egungo linea bi burdinbidetik laura pasatzea aipatzen du, eta beste bi proiektuek Uztaritze eta Basusarri artetik pasatzearen aukera ematen dute. Azken bi proiektu horiek oso lotuta daude. Eztabaida dagoeneko abiatuta dagoen arren, oraindik puntu asko daude argitu gabe; izan ere, eztabaida publikoetan behin baino gehiagotan galdetu dute sekula tren linea berria eraikiko balitz Lapurdi eskualdean geltoki bat jarriko ote luketen. Christian Maudet RFF egiturako ordezkaria da eta AHTren linea horretarako proiektuan sartuta dabil. Egitasmo berri horren harat-honatak aipatu zizkion GARAri, eta argi utzi zuen Europari dagokionez, Atlantiko aldeko eskualdea zeharkatzea lehentasunetako bat zela. RFFk aurreratu dituen datuen arabera, salgaien garraioa handitzen joango da ondoko hogei urteetan, eta salgai horien %20 trenbidetik pasarazi nahi dituzte.
Lau hilabete iraun behar du eztabaida publikoak, eta jadanik erdibidean gaude. Nola baloratzen dituzue orain arte izandako eztabaidak?
Gure irudiko, oso eztabaida aberasgarria da. Ageri da bertan parte hartzen dutenek proiektu horren gibelean dauden erronka nagusiak argi dituztela buruan. Egitasmo hori hiru mailatan oinarritzen da. Europa mailan dimentsio estrategikoa dauka, eskualdeko garraioaren garapenen sailean ere garrantzi handia dauka eta, azkenik, tokian tokiko garapenarentzat ere beharrezkoa da. Beraz, horrelako proiektu erraldoi baten aurrean gaudenez gero, ulergarria da lekuko herritarrei beldurra eragitea.
RFFk landuriko txosten batean oinarritzen da eztabaida hori. Hiru proposamen egiten dituzue; zertan oinarritu zarete hautu horiek egiteko?
Tren linea horren proiektuari buruzko gogoetak 2000. urtean abiatu ziren. Eskualdearen eta Estatuaren arteko Plan Kontratuan Bordele eta Hendaia arteko tren loturari buruzko ikerketak eskatu ziren. Euskal Erkidegoan eta Bordeleren inguruan proiektuak bazeuden, baina deus ez zegoen Bordele eta Hendaia artean. 2005. urtearen erdialdera burutu ziren ikerketa horiek, eta frantses legeak adierazten duen bezala, azterketa horietan oinarrituz, RFF behartua izan da Eztabaida Publikoaren Frantses Batzordearekin harremanetan jartzera herritarrekin eztabaida bultzatzeko. AHTrentzat tren linea berezi baten eraikitzea justifikatzeko ikerketa teknikoak egin ditugu, eta bai estatu frantsesaren, bai espainolaren garapen ekonomikoari buruzko datuak landu ditugu. Epe luzeko hipotesiak kontuan hartzen dituen proiektua da.
Hain zuzen ere, datuen gaiak aipatzen dituzula-eta, Baionan izandako lehen bilkuran lekuko elkarte eta Hautetsien Kontseiluak zalantzan jarri zituzten zuek aurreratu zenbakiak. Hala, beste ikerketa bat egiteko eskatu dute. Hori eztabaida bukatu aitzin plazaratuko dela esana izan da, ezta?
Zalantzan jarri dituzte, hori bai, baina ikusteko daude ikerketa berri horrek emanen dituen emaitzak. Urte asko eman ditugu ikerketa horiek lantzen, beraz, nolabait nahiko lasai gaude. Horiek Estatu frantsesak, Estatu espainolak eta ikerketa bulego independente batek ere begiratu eta onartu ditu. Ezin dugu elkarte eta hautetsiek egindako eskaera hori ukatu, eta gertatzen ahal da ikerketa bulego guztiek ez izatea iritzi bera. Halere, guretzat ere interesgarria da hipotesi horiek guk emandakoekin bat egiten duten ikustea. Eztabaida bera aberastuko duela espero dugu.
Zer garrantzi du zuentzat eztabaida publiko horrek?
Proposatutako hiru linea horien artean lehentasuna zeini ematen ahalko diogun ikusteaz gain, ingurumen, ekonomia eta hirigintza mailan zein erronkari aurre egin beharko diogun begiratu nahi dugu. Erranak izan diren guztiak kontuan hartu beharko ditugu geroan proiektua gauzatzeko eginen ditugun urratsetan. Ikerketa gehigarri horiei dagokienez, guk aurreratzen ditugun datuekin bat egiten ez badute, kontuan hartu beharko ditugu egitasmoa zehazten dugularik ere.
Linea berria eraikitzeko proiektua azaltzen duzue, baina tokian tokiko tren lineek gabezia handiak dituzte. Akitania eskualdeak berak trenbide sarea bere orokortasunean hartuz koherentziarik ez dagoela nabarmendu du eztabaidetan.
Lekuko tren linea asko, gehienbat tokian tokikoak, hogeita hamar edo berrogei urtetan batere berritu ez direnak. Berrikitan guztiak begiratu eta aztertu ditugu. Ikerketa hori egiteko Suitzako bulego independente baten laguntza eskatu genuen, eta horiek argi utzi dute arazo handiak zeudela. Tresna asko oso zaharkituta daude, eta horrek arazoak sortzen ditu tren kopurua handitzeko orduan. Azterketa horren emaitza ikusiz, Gobernu frantsesak tren linea txiki horiek berritzeko lan proposamen bat egiteko eskatu digu, eta hala egin dugu. Berritze programa orokor bat jarri dugu martxan, eta Gobernu frantsesak onartu egin du berrikitan. Halere, horietako linea asko guretzat errentagarriak ez direla ikusiz, berritze lanak Estatuaren diru-laguntza berezi batekin soilik egiten ahal genituen. Jakin beharrekoa da Baiona eta Garazi arteko tren linearekin gutxi irabazten dugula. Linea horretan dagoen bezero kopuruarekin obren %15 baizik ez dugu ordaintzen ahal. Beraz, ezinbestekoa zen Estatu frantsesarekin batera programa orokor bat finkatzea Baiona-Garazi bezalako lineentzat.
Halere, linea berria egin aurretik dauden
gabeziak betetzeko eskatu dizuete. Linea berria egiteak ala ez egiteak ez du ondoriorik
izanen egungo sarearen berritze lanetan, azken horiek Estatuaren diru-laguntzei
esker eginen baitira. Linea berria finantzatzeko, Estatua, RFF eta lekuko
egitura publikoak izanen dira partaide. Eta berrikitan kapital pribatuei parte
hartzeko baimena eman zaie, beraz, horiek ere izango dira partaide. Proposatu
ditugun hiru agertokiei dagokienez, aukera guztiak begiratzen saiatu gara eta
horiek zaizkigu iruditu aproposenak. Egungo linearekin salgaiak garraiatu ahal
izateko gaitasun arazo bat dugu. Arazoa ez da soilik abiadura handiarena.
Irtenbide bat atzematen saiatu gara, horregatik proposatu ditugu hiru agertoki.
Azkenean zehazki bi proposamen egiten
dituzue. Tren linea berria egitea, edo dagoenak lau bide izatea. Lehen proposamenean egungo tren linea handitzea aipatzen da. Lau burdinbide eraikiz gaitasun arazoari irtenbide bat ematen diogu, baina abiadura txikia izango da. Arazo horren aurrean linea zaharraren osagarri bezala linea berria eraikitzea pentsatu zen. Bigarren proposamen horri esker salgaiak garraiatzeko gaitasuna handitzen da. Egoera horiek ikusiz nola gauzatzen ahal zen aztertu dugu. Bordele eta Akize arteko linea berrian abiadurari lehentasuna emanen geniola pentsatu dugu. Baina Euskal Herrira heltzerakoan, linea berri hori salgaiak garraiatzeko baliagarriagoa zela iruditu zaigu. Horrela eginez salgaiak eramaten dituzten trenek ez dituzte hiriguneak zeharkatuko eta linea zaharrak bidaiarien zerbitzurako utziko genituzke. Zure erranak entzuterakoan RFF tren linea
berria egitearen alde dagoela ematen du. Proposatu ditugun hiru agertokiek alde onak eta txarrak
dituzte. Egungo linea lau bidera zabalduz edo linea berria eraikiz inbertsioa
antzekoa da. Linea zaharra zabaltzen badugu, hirigune batean izanik,
desjabetzeak, lur erosteak, babes fonikoak eta beste hainbat obra izanen dira.
Baina, bestalde, obrak gutxika egiteko aukera ematen digu. Horrela, saturatuta
diren guneak zabalduko genituzke lehenik. Linea berriarekin ezin dezakegu
horrelakorik egin, gutxieneko zerbitzu bat ematera behartuta baikaude. Halere,
linea berriak bidaiarientzat zerbitzu gehigarriak eskainiko lituzke, denbora
aldetik bidaiariak asko irabaziko du. Baina, ingurumenaren aldetik oztopoak
daude.
Eztabaida hastear zelarik, argi adierazi
zenuten linea berria ez zela eginen «Euskal Y»aren proiektuaren barruan ez
balego. Nonbait, eztabaida publikoa burutzen delarik, proiektua finkatzeko
orduan Gasteiz eta Irunen artean eginen den egitasmoaren menpe egonen zarete...
Ez erabat. Egungo AHT proiektua ez zen justifikatuko
Portugalek eta Estatu espainolak tren sare guztia berriztatzeko eta mugak
igarotzeko gaitasuna izan zezaten Europako arauetan jartzeko asmoa izango ez
balute. Azken hogei urteotako Estatu espainolaren garapen ekonomikoa nagusiki
errepideko garraioan oinarritu da. Kutsaduragatik eta saturazioagatik garapen
horrek mugak dituela argi ikusten dugu gaur egun. Estatu espainoleko eta
frantseseko agintariek kontzientzia hartu dute, eta trenbide sare eraginkorra
eraikitzearen engaiamendua hartu dute.
Lapurdi zeharkatuko duen proiektua, beraz,
oso estuki lotua dago «Euskal Y»ari. Eztabaida publikoa abiatzerakoan ez al zen
aproposagoa lurraldea bere osotasunean kontuan hartzea? Mugaz gaindiko ikuspegia oso garrantzitsua da eta
kontuan hartu da egitasmo honetan. Europar Batasunean puntu horri garrantzi
handia ematen diote. Interes hori ikusiz, gobernu espainola eta frantsesak
interes ekonomikorako Europako bilgunea sortzea erabaki dute. Bertan RFF eta
ADIL egiturek parte hartzen dute. Bilkurak maiz egiten ditugu. Guretzat
ezinbestekoa da bi proiektuen artean koherentzia eta koordinazioa izatea. Baina
“Euskal Y”aren proiektua guk egun abiatzen duguna baino aurreratuagoa da. Hamar
urteko lana dago tartean.
1992an lehen proiektua izan zen, eta porrot
egin zuen herritarren ezadostasunagatik... Euskal Erkidegoak eta Akitania eskualdeak ikerketa bat egiteko eskatu zuten. Garai horretan ez zegoen eztabaida publikoari buruzko araurik, eta gainera, proiektuak Bordele eta Gasteiz AHTrekin lotzea baizik ez zuen aipatzen. Salgaiak garraiatzeko dimentsioa ez zen agertzen. -
«Egungo proiektuek ez dute bideko salgaien garraioa txikituko, baina hein batean oztopatu egingo dute»
Azken urteotan azpiegitura proiektuak asko hedatu dira Lapurdiko kostaldean. A63 autobidea zabaltzeko asmoa dago, AHT linearen egitasmoa ere hortxe dago, eta azkenik, RN10 bide nazionala autobide bihurtu jarri nahi dute. Horiek guztiak salgaien garraioa handitzen joanen dela uste dutelako eginen dituzte. Christian Maudetek horiek aipatu zituen, eta salgaiak garraiatzeko dagoen arazoan estuki lotuak zeudela adierazi zuen. AHT linea berria, A 63 autobideak 3 bide
izatea... Ugari dira Atlantikoko pasabidea zeharkatzeko proiektuak. A63
autobidea zabaltzearen aurka dagoen Lurra Zain elkarteak, esate baterako,
egitasmo horien guztien artean ez dagoela koherentziarik salatu du
berrikitan... Treneko eta errepideko garraioa hobetu behar dela esaten badugu, argi da ez ditugula salgai guztiak trenbidean jarriko. Egun errepidetik salgaien %96 doaz, eta %4 trenez. Guk oreka berri bat sortu nahi dugu, trenetan %20 sartuz eta errepideetan, berriz, %80. Baina garraioaren gehiengoa errepidetik egiten jarraituko dute. Inguru honetan aurrez ikusita dauden proiektuak elkarrekin lotuta daude. A63 autobidea 3 bidetara zabaltzea, RN10 bide nazionala autobide bihurtzea... Horiek guztiak errepideko garraioaren bilakaerari erantzuteko egingo dira. Hogei urtera begirako datu hipotetikoekin
ari zarete lanean. Zuek diozuenez, salgaien garraioak gora eginen du. Zuk
aipatzen zenuen duela hogei urte ez zenutela inolaz ere egungo bilakaera aurrez
ikusten. Egun ematen duzuen erantzuna epe laburrekoa baizik ez da... Gure erantzuna epe ertainerako da. Abiatzen diren
proiektu horiek ez dute errepidetik pasatzen den salgaien garraioa txikituko,
baina bere etengabeko bilakaera hein batean oztopatuko du. Gaur egun ditugun
datuak kontuan hartzen baditugu bederen. Guretzat sekulakoa izango litzateke
trenetan eramaten den salgaien kopurua aipaturiko %20 hori baino handiagoa
izatea. Baina, askoren ustez, datu hori jadanik oso handia da. Edonola ere, gaur
egun ez dugu beste irtenbiderik, parean dugun arazoari aurre egin behar diogu,
eta irtenbidea atzeman behar dugu. -
|