- Aizkora
Larretxea hasieratik bukaerara nagusitu da EuskalHerriko finalean
·Emoziorik gabeko saioa izan zen, lan erdietarako postu guztiak erabakita baitzeuden
TOLOSA
Donato Larretxeak irabazi zuen atzo EuskalHerriko txapela, eta hirugarren aldiz bereganatu du lehiaketa hori. Azken urteetako finalik kaskarrena izan zen atzokoa.
Horrelako final bat izateko jende gutxi batu zen atzo. 500 bat ikusle besterik ez ziren bildu, eta normalean izaten dena baino jende gutxiago izan zen atzo. Dudarik gabe, Nazabalen huts egitea nabaritu zen erabat. Bost aizkolari izan ziren finalean, eta bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Enborrak oso eutsiak atera ziren, eta batzuk oso gogorrak, horrelako final baterako gehiegizkoak, askoren ustez, batez ere lehen kana-erdikoa, eta hori baieztatzeko, denborei begiratzea besterik ez dago.
Jendeak Olasagastiren eta Larretxearen arteko dema espero zuen, baina ez zen halakorik izan. Arantzako aizkolariak lehen enborretik hartu zuen aurrea, eta apurka-apurka aldea gehituz joan zen, baita amaieran txapela erraz jantzi ere.
Atzoko finalak ez zuen inolako emoziorik izan. Akaso, lehen enborretan hirugarren posturako izan zen borroka apur bat. Oinbikoetara heldu aurretik Txapartegi Azurmendiren aurretik ibili zen, baina behin laugarren enborrera iritsita, Arriarangoak aurrea hartu zion Aizarnakoari, eta gero ez zen beste ezer egon, postuak azkarregi finkatu baitziren.
Larretxeak gogor ekin zion lanari, eta lehen enborrean hartu zuen aurrea. Hori bai, kanaerdikoa izateko ikaragarrizko denbora pila eman zuten. Normalean minututik gora asko joan gabe bota izan dute, baina atzo bi minutu eta erdian bota zuen Larretxeak. Dudarik gabe, oso enbor gogorra atera zen, eta amaieran bai zaleek eta bai aizkolariek ere zioten moduan, final baterako gehiegizkoa izan zen. Hala ere, denentzat berdinak izan ziren, eta hori eskertu zuten aizkolariek.
Hortik aurrera Larretxea zuloa egiten joan zen. Lan erdietarako bi minutu eta erdiko aldea kentzen zion Arantzakoak Olasagastiri, eta ordurako lehen bi postuak ia erabakita zeuden, ezeren okerrik gertatu ezean, behintzat.
Hirugarren posturako lehian ere, Azurmendik aldetxoa kentzen zion Txapartegiri, eta postu horretarako ere ez zegoen jadanik emoziorik. Barberena, berriz, hastapenetik geratu zen atzean, eta garbi zegoen azkeneko postua beretzat izango zela. Beruetekoak ez zuen zorterik izan atzoko finalean. Berotzen ari zela, gerrian mina sentitu zuen, eta gero ez zion utzi gauzak berak nahi bezala egiten. Larretxeak, berriz, oso lan ona egin zuen. Denbora ere ez da txarra atzo ziren enborrak kontuan hartuz gero. Olasagastik ere bere lana egin zuen, eta iazko denboratik ez zen oso aparte ibili. Gero, txapela galduta ikusi zuen, eta bigarren postua segurtatuta.
Larretxea: «Uste baino errazagoa izan da»
TOLOSA Donato Larretxea gustura zegoen hirugarren aldiz txapela jantzi ostean: «Uste dut pensatzen nuena baino errazagoa izan dela. Hasieratik gogor ekin diot, eta Olasagasti atzean gelditzen ikusten nuen, eta aurrera egin dut», esan zuen. «Erakustaldietan eta Olasagastirekin dezente aritu naiz, eta estu hartuko ninduela uste nuen, baina ez da horrela izan, eta niretzat hobe», erantsi zuen txapeldunak. Enborrei buruz ere aritu zen: «Gogorrak ziren, baina denentzat berdinak zeuden jarrita, eta hori da garrantzitsuena. Dena dela, uste dut batzuk bazirela finaletarako gehiegizkoak. Lehen kana-erdikoak bazuen biren lana». Olasagastik ez zion Larretxearen garaipenari aitzakiarik jarri: «Bera hobea izan da eta kito. Hala ere, ni finalean naizela lehen aldiz jantzi du txapela», esan zuen. «Nik bigarren enborretik ikusi dut zaila zela berari jarraitzea, eta nire erritmoa hartu dut eta horri jarraitu diot», esan zuen. Enborrei buruz ere aritu nahi izan zuen: «Enborrak gogorrak ziren, nahiz eta berdin jarrita egon. Lehen kana-erdikoa plazaratu ezin den horietakoa zen».
|