ALTSASU
Aimar Irigoienek eman zuen atzo ezustekoa Altsasun, Euskal Herriko Harri Handien txapela bereganatuta. Errezilgo harri-jasotzaile gazteak 20 urte besterik ez ditu, eta inoiz izan den txapeldunik gazteena izango da.
500 ikusle inguru batu ziren Altsasuko Burunda pilotalekura finala jarraitzeko asmoarekin. Kirolari bakoitzak 200 kiloko errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili zituen eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu zituen.
Joseba Ostolatza zen egungo txapelduna, eta bera zen irabazteko faborito nagusia ere. Aimar Irigoienek ere udan lan oso ona egin du, eta jendeak nahiko garbi zeukan errezildarra txapelduna izango zela, baina ez oraindik. Hala ere, aurreikuspenek huts egin zuten, eta Aimar buruan txapela zuela etxeratu zen, eta oraindik beste mordo bat ere irabazteko moduan izango da, arazorik izaten ez badu, behintzat.
200 kiloko errektangularrarekin hasi ziren lanean. Ostolatza zen aurrena lanean, eta 9 jasoaldi eman zizkion harriari. Aimar, berriz, azkena aritu zen, eta 8 jasoaldi eman zizkion harririk astunenari.
Hirugarren posturako lehian, Landarbideren eta Urperen artekoan, aiarrak aurre hartu zuen lehen harri horrekin, 5 jasoaldi eman baitzizkion, bizkaitarrak baino bat gehiago.
Ondoren 175eko zilindroa zuten, eta harri horrekin hamalauna jasoaldi emanda geratu ziren Ostolatza eta Irigoien. Landarbide eta Urpe ere berdinean geratu ziren, bakoitzak zazpi aldiz jaso zuen-eta.
Hirugarren harria 150eko kubikoa zuten, eta berriro ere berdinduta geratu ziren, bakoitzak hamalau aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean. Hirugarren posturako lehian, aldiz, Landarbidek nahikoa erabaki zuen, Urpe baino hiru jasoaldi gehiago emanda. Zortzi jasoaldi eman zituen aiarrak, eta 5 bizkaitarrak.
Azkeneko harrira heldu zirenean, Ostolatzak ia txapela segurtatuta zuela uste bazuten ere, Aimarrek sekulako lana egin zuen, oso gutxitan ikusten den horietakoa. 21 jasoaldi eman zizkion, eta Ostolatzak 19. 50 kiloko aldeagatik, txapelak Errezilgo bidea hartu zuen. Hirugarren postua, berriz, Landarbiderentzat izan zen, nahiz eta azkeneko harriarekin jasoaldi bat gehiago eman zion Urpek. Hark 11 eman zizkion 125eko bolari, eta 10 Landarbidek, eta hirugarren geratu zen.
Sailkapena