LARRETXEA-EZKURRA II 40
ETXEBERRI-KURUTXARI 22
DONOSTIA
Olivier Larretxeak eta Paxkal Ezkurrak lortu zuten atzo Baigorriko Torneoko finala jokatzeko txartela. Garaipena lortzeko faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Aurreikuspenak bete zituzten, beraz.Dena dela, partidaren hasiera ez zen izan jendeak uste bezalakoa. Etxeberri eta Kurutxari oso ongi abiatu ziren, eta hamahirugarren kintzera bitarte aurretik aritu ziren. Sei tantoko aldea ere izan zuten alde, 5-11 aitzinetik izan baitziren, baina hortxe bukatu zuten, beste hamaika kintze bakarrik egin ahal izan baitzituzten.
13-13 berdinduta egon ostean, Larretxea jokoan sartzen joan zen, eta botearekin min handia egitea lortu zuen. Hamar tanto egin zituen hasierako jokaldiari esker, baina kintzea zuzenean egitea lortzen ez bazuen ere, bigarren jokaldian errematatu zuen, eta hala, kintzea egitea lortu zuen.
Atzean ere Paxkal Ezkurra agintea erakusten hasi zen, eta Larretxeak izan zituen aukerak ederki aprobetxatu zituen puntuak pilatzen joateko, eta amaieran aparteko arazorik gabe bereganatu zuten neurketa, baita finala jokatzeko txartela ere.
Finala datorren igande arratsaldean jokatuko da Baigorriko trinketean, eta Larretxeak eta Ezkurra gazteak Ibarrola eta Dermit izango dituzte aurrez aurre. Atzoko irabazleak dira lehiaketa hori eskuratzeko faboritoak.