KATMANDU
Nepalgo Gobernuak eta maoistek bake akordioa sinatu behar zuten atzo, baina oraindik gai batzuk zehaztu behar dituztela-eta, hilaren 21era atzeratu dute. Egun horretan ere Nepalgo Konstituzio berria ezagutaraziko dute.
Bake akordioaren ataletako bat maoistak Gobernuan izatea da. Trukean, maoistek armak utzi beharko dituzte. Bi aldeek hilaren 7an lortutako hitzarmenaren arabera, gerrillarien biltegietan utziko dituzte armak, Nazio Batuen Erakundeak ikuskatuta. Oraindik erabakitzeke dago zer egingo duten armekin.
«Joan den asteko akordioan akatsak egin genituen, ez baitziren gai guztiak behar bezala kontuan hartu», adierazi zuen maoisten ordezkari Dev Gurungek. Argitu zuenez, maoistek nahiago dute akordioa Konstituzio berria indarrean sartzen den egun berean sinatu, «prozesuari legaltasuna emateko». «Akordio osoa nahi dugu, eta ez dugu gauzak zatika egin nahi», gehitu zuen Gurungek.
Negoziazio taldeak argitu zuenez, atzerapen horrek ez du inondik inora prozesua kolokan jartzen. «Prozesuak aurrera jarraitzen du eta arrakastatsua izango da», jakinarazi zuten adierazpen batean. Sinadura formalean izan ezik, beste gaietan hitzartutako egutegiari eutsiko diotela azaldu zuten.
Hala, 21eko ekitaldi formalaren ostean, 26an maoistek behin-behineko Parlamentuan dagozkien lekuak hartuko dituzte. Abenduaren 1ean hiruko Gobernua osatuko dute maoistek, Koirala lehen ministroaren Kongresuaren Alderdiak eta komunista marxista-leninistek.
Egun martxan dagoen bake prozesua apirilean hasi zen. Gyanendra erregeak botere guztiak bereganatuta zeuzkan eta horren kontrako matxinada egon zen. Kale istilu larrien ostean eta herritarren presioaren ondorioz, Gyanendrak boterea banatzea onartu zuen.