GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-11-17
Estatu frantsesak duen jarrera «biziki arriskutsua» dela ohartarazi dute
Askatasunak «ulertezintzat eta oso arriskutsutzat» jo zuen, atzo, Parisen, Estatu frantsesak gatazka politikoaren inplikazioaz duen jarrera ukatzailea, «mintzatu eta negoziatu nahi ez duen estatu baten jarrera delako». Urteetan ezarritako legeria bereziaren «jomuga nagusia» euskal militanteak direla nabarmendu, eta lege hori eta 14. Sekzioa deuseztatzeko exijitu zuen. Datozen egun eta asteetan Parisen izango diren epaiketen berri eman zuen, bide batez.

PARIS

Gaur egun Estatu frantsesak duen jarrera «kezkagarria», «ulertezina» eta «biziki arriskutsua» dela adierazi zuen, atzo, Parisen, Askatasunak. Auzitegiko 14. Sekzio bereziari buruzko azterketa aurkezteko eta datozen asteetean izango diren epaiketen berri emateko agerraldian jakinarazi zuen hori.

Jean-François Lefort-ekin eta Unai Errea abokatuarekin batera, Oihane Errazkin duela bi urte pasatxo Fleury-Merogiseko espetxean hilda agertu zen preso politikoaren gurasoek hartu zuten parte prentsaurrekoan.

«Islamisten kontra egiteko aitzakiarekin», urteetan Estatu frantsesa gogortzen joan den legedia «nagusiki euskal herritarrei aplikatzen» dietela salatu zuten errepresioaren aurkako erakundeko ordezkariek. Era berean, lege berezi horiek eskubide eta askatasun eskubi- deak murriztea dutela ondorio esan zuten. Zigorrak eta atxilotze-epea luzatzea edota zigorrak aplikatzeko epaitegi berezia sortzea jarri zituen adibide.

Askatasunaren esanetan, Parisek «temati» ukatzen duen arren, berak baita Euskal Herriko eragile gehienek ere jakin badakite gatazka politikoan «buru-belarri sartua» dagoela. Jarrera hori «mintzatu eta negoziatu nahi ez duen estatu baten jarrera» dela argi esan zuen. Hura aldatzeko eta «euskal gatazka kudeatzeko baliatzen duen tresneria juridiko berezia desegiteko, Auzitegiko 14. Sekzioa berehala deuseztatzetik hasteko» exijitu zion Parisko Gobernuari.

Epaiketa ugari

Hain zuzen ere, sekzio berezi horren jardueratik eratorritako epaiketen berri ematerakoan, gaur bertan Cour d’Assises delako epaitegian hamahiru euskal militanteren aurka hasiko dena nabarmendu zuten. Hilaren bukaera arte iraungo duen epaiketan, Asier Oiartzabal, Lola Lopez, Didier Agerre, Iñaki Esparza, Juan Angel Otxoantesana, Lorentxa Guimon, Zigor Garro, Ibon Gogeaskoetxea (errebeldian) eta Erbina familiako bost kide­Fidel, Xabier, Miren, Amaia eta Kontxi Zubillaga­ epaituko dituzte. Hasieran sumario berean zeuden beste zazpi euskal herritar Auzitegi Korrekzionalak epaitu zituen joan den ekainean.

Oihane Errazkin donostiarra ere auzi horretan epaitzekoa zuten. Alabari gertatukoaz informatu eta Justizia erakundeko eta, bereziki, instrukzioaz arduratzen zen Le Vert epailearen jokaera salatu zuten haren gurasoek. Oihaneren egoera kontuan hartu ez izana eta bakartze politikaren eraginez hil zela leporatu zioten Estatu frantsesari.

Abenduaren 4an, 5ean eta 6an, berriz, Ainhoa Mujika, Aintzane Orkolaga, Lorentxa Bayrie eta Josetxo Otegi preso politikoak eta Unai Errea eta Itziar Larraz abokatuak epaituko dituzte Parisko Auzitegi Korrekzionalean. Bestalde, urtarrilaren 9an Patxi Abad presoa epaituko dute Marixol Iparragirreren egoera salatzeko Fresneseko espetxeko zuzendariari gutuna bidaltzeagatik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Momento de hablar, momento de avanzar
Euskal Herria
La fiscal reclama para Jarrai, Haika y Segi la ampliación del concepto de «terrorismo»
Euskal Herria
La AN impone atención médica a Iñaki De Juana
Kirolak
Un nutrido pelotón arropó a los vencedores de 2006
Kirolak
Oraingoan bai, zuri-gorriz eta Lezamara
Euskal Herria
Chirac apoya sin ninguna reserva la gestión de Zapatero en el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss