- Nafarroakoa
Bost aizkolari neurtuko dira Bigarren Mailako finalean
DONOSTIA
Doneztebeko feriak dira gaur, eta urtero moduan, gaur ere herri kirol jaialdi handia izango da, baita finalak ere tartean. Izan ere, kintopekoen harri-jasotzeko finalaz gain, Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala ere bertan izango baita (17.30ean).
Bertarako honako bost aizkolari hauek lortu zuten txartela Iturenen jokatutako kanporaketan: Telletxea,Belarra, Xabier Mindegia, Rekondo eta Amillano. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko ditu.
Faboritoak aipatzea ez da batere erraza, denak ere maila bertsuan aritzen baitira. Baliteke Belarra izatea horietako bat. Etxean arituko da, zaleen aurrean, eta eskarmenturik ere ez zaio falta, lehen ere leku berean txapel hau jantzitakoa baita. Telletxea ere herritarra da, eta hark ere ez du animo faltarik izango.
Xabier Mindegia ere kontuan hartu beharreko aizkolaria da. Akaso ez du lortu zaleek itxaroten zuten bezainbesteko maila, baina lan honetan ongi ibili beharko luke.
Hala ere, askoren ustez, Rekondo leitzarra izango da faborito nagusia. Dena dela, oraindik oso gaztea da, eta finaletan, orain arte behintzat, ez du eman bere mailarik onena. Gaur ikusiko da zer egiten duen.
|