Ehunka ikasle irten da bere eskubideen alde Iruñean
Ehunka ikaslek aldarrikatu zituzten atzo goizean Iruñeko kaleetan zehar beren eskubideak. Ikasleen Nazioarteko Eguna da gaur Euskal Herri osoan, baina Nafarroan, egun bat aurreratu dute data hori; izan ere, ostiraletan jendea biltzea zaila suertatzen baita. NUPetik irten eta Gaztelu Plazaraino iritsi zen manifestazioa.
IRUÑEA
«Kanpairik entzun nahi ez duenak sokatik ez tira» izan da aurten Ikasleen Nazioarteko Egunerako aukeratu duten leloa, eta horixe izan zen, besteren artean, Iruñeko kaleetan zehar atzo entzun zen oihuetako bat.Nahiz eta Ikasleen Nazioarteko Eguna azaroaren 17an izan, Nafarroako Ikasle Abertzaleek atzo egin zituzten ikasleen eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko mobilizazioak herririk gehienetan. Izan ere, beren esanetan, zaila suertatzen da herrialde horretan ikasle jendea ostiraletan mugiaraztea, eta horregatik, ekimenak atzo egitea erabaki zuten. Mobilizazioak goiz hasi ziren, ikastetxe ugaritan greba lehendabiziko ordurako deitua baitzuten. Oztopoak oztopo, hitzaldiak Askatasuna ikastetxean, adibidez eta elkarretaratzeak Iturraman esate baterako egin zituzten hezkuntza zentrorik gehienetan. Oztopoak oztopo diogu; izan ere, zenbait kasutan trabak egon baitziren, beste batzuetan ikasleek jarritako kartelak kendu zituzten, eta hamaika halako ikusi zen atzo goizean. Azkenerako, ordea, manifestazioan ikasle ugari bildu zen, eta ez zen inongo trabarik egon NUPetik abiatu eta Gaztelu plazaraino iristeko. Polizia espainolaren patruilek gertutik jarraitu zituzten manifestarien pauso eta oihu guztiak, eta ibilbidearen nondik norakoa zela-eta izan zuten akats txiki bat salbu, ez zen inongo arazorik egon ikasle multzoa Iruñeko erdigunera hel zedin. Behin Gaztelu plazara iritsita, bertso bidez egin zieten harrera antolatzaileek manifestariei, eta horren ondoren irakurri zituzten egunari zegozkion manifestuak hainbat ikastetxetako ikasleek.
«Ez dugu aldaketarik sumatu»
Lehenengo eta behin, irakaskuntza ertainetako ikastetxeei zegokien testua irakurri zuten hiru lagunek. Bertan, adierazpen askatasunaren gaineko arazoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan greba egiteko izaten dituzten zailtasun eta ezintasunak salatu zituzten besteren artean. Zenbait irakasgai euskaraz ezin jasoa eta irakasle batzuen euskara maila kaxkarra ere gogor kritikatu zituzten, baita azkenaldian zenbait ikastetxetan areagotzen ari den Poliziaren presentzia ere.Jarraian, unibertsitate arloko aldarrikapenen txanda heldu zen, eta bertan ere euskararen «bazterketa» aipatu zuten. «Nafarroako Unibertsitatean dugun egoera Euskal Herriko larrienetarikoa da, bertako ikasleok ezin dezakegu gure ama hizkuntza ikasi», kexatu zen irakurlea. Bolognako prozesua etortzeak egoera hori are gehiago gogortzea ekarriko duela jakinarazi zuten, eta hori dela-eta ikasleek bat egin dezaten dei egin zuten. Izan ere, honakoa adierazi zuten: «Urteek aurrera egin arren, gure eskubideek urratuta jarraitzen dute, agintariek zapalduta».
Mobilizazioak gaur Euskal Herri osoan
Iruñeko mobilizazioak eginak dituzten arren, Ikasleen Nazioarteko Eguna gaur da, eta Euskal Herri guztian izango dira hori gogoraraziko diguten ekimenak. Segik mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, baina guztietarako lekurik ez, eta batzuk aipatuko ditugu: 12.30ean Baionako herriko etxean da hitzordua; 19.00etan, Arrasaten, Donostiako Bulebarren eta Gasteizko Andra Mari Zurian, eta azkenik, Bilboko manifestazioa 19.30ean izango da, Bihotz Sakratuaren plazatik abiatuta. -
|