Markuletak eta Basterretxeak liburu bana dakarte
«Ezjakintasunak» poema liburua ez ezik, «Marearen erraietan» eleberria ere kaleratu du Alberdaniak. Gerardo Markuletaren bosgarren poema liburuak «poesia alaitasunez ere egin daitekeela» frogatu du, eta Jose Inazio Basterretxeak, aldiz, «fikzio gauzagarria» egin du, «bizitzaren metafora moduko batean».
DONOSTIA
Alberdania argitaletxeko editoreak atzo nabarmendu zuenez, «eguneroko bizitzari azpildurak ateratzen» oso trebea da Gerardo Markuleta (Ońati, 1963), eta oraingo lan honetan «uste komun batzuen kontra», alaitasunez ere poesia egin daitekeela frogatu du.Bosgarren poema liburua du idazleak, eta “Ezjakintasunak” izenburupean argitaratutako lanean «jakin-minaz» diharduela aurreratu zuen Alberdaniak; «hori baita literaturaren funtsa, azken finean». Gainera, poema-bilduma horren aurreneko bertsioak Arabako Foru Aldundiaren “Ernestina de Champourcin” saria jaso zuen 2005. urteko aldian. Idazlea pozarren agertu zen liburuaren aurkezpenean, eta adierazi zuen generoari dion atxikimendua agertzen duela lanean. Hain zuzen ere, narratiban zein haurrentzako liburuak egiten ere badu esperientziarik Markuletak, baina zera ondorioztatu zuen atzo: «Neurea poesia dela gero eta argiago dut nik». Hori hala, bere poesia egiteko moldea «identifikagarriagoa» dela esan, eta zera ere iritzi zion: «Neureak izateaz gain, liburu honetako poemek neureak dirudite». Liburuaren izenburua bertan jasotako poema batek duen berbera da. Markuletak azaldu zuen «ezjakintasuna» ez dela «ezjakinkeriarekin» nahastu behar, eta finean adierazi zuenez, poema konkretu horrek ezjakintasun zerrenda bati egiten dio erreferentzia. «Gizakiak beste pertsonekin lehen kontaktua edo azken kontaktua egitean zein ezjakinak garen esaten du, zein zalantza ditugun, zein motzak izan gaitezkeen...», gaineratu zuen.
«Eszeptizismo umoretsua orok» Poema bilduma ataletan banatuta dator, 54 poema bost ataletan, hain zuzen. Eta, atal horiek karpeten antzera jokatzen dute, gaika eta moldeka antolatuta baitago liburua. Dena den, idazleak argitu zuen egon badagoela poema guztiak zeharkatzen dituen «zeharlerro bat». Nolabaiteko «eszeptizismo umoretsua» aipatu zuen, alaitasunaz gain, umorerik ere badago-eta liburu berrian. Markuletak bildumako nukleo gogorra lehen bi ataletan sartu du; horko poemak luzexeagoak dira, eta eduki aldetik ere orokorragoak nahiz eta bigarrena erotikoetan-edo zentratzen den. Hurrengo bi ataletan, berriz, poema labur-laburren espazioa eta «Ziri-marrak” delakoak bildu ditu, eta azken atalak poesiari buruz dihardu.
«Oso bestelako nobela» Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, 1959) irakasle, kazetari eta idazleak, bestalde, eleberri generoaren alde egin du.
Unibertsitate-liburuak ez ezik, Joane Barolo ezizenarekin izenpetutako “Falo zantarra” nobela laburra idatzi zuen 1988an, eta zenbait ipuin nahiz saiakera liburu ere badu idatzita. Baina oraingoan «oso bestelako nobelarekin dator», Alberdaniaren esanetan.“Marearen erraietan” bizitza eta heriotza nahasten dira. Hamar bat pertsonaia agertzen badira ere, idazleak esan zuen lau direla aipagarri, guztiak ere gizarteko rol arruntak betetzen dituztenak. «Gizon batek probokatzen du horiek guztiak nobelara etortzea, halabeharrez. Berak jartzen du nobela martxan, eta hiru emakumek bere gainez kontatzen dute istorioa», esan zuen. Haren hitzetan, «fikzio gauzagarria» da idatzi duena. Bartzelonan eta Bilbon girotua, protagonista batzuen urtea kontatzen zaio irakurleari, eta, finean, zera ondorioztatu zuen Basterretxeak: «Bizitzaren metafora moduko bat da. Marearen joan-etorriaren ideia hartuta, joan-etorrian dabiltza protagonistak». Hori hala, «bizitzaren gaziak eta gozoak» kontatu dituela adierazi zuen, eta nolabaiteko narrazio zinematografikoaren usaina ere badu nobelak. Alberdaniaren ustez, Basterretxeak saiakera bat idatz zezakeen gai horren gainean: «Baina nobela eginez beste koska bat estuago jo, eta etorkizun oparoko bidea ireki duela uste dugu. Tradizioaren ezagule handia da, eta literatur prosa enbidiagarria agertu du hemen».
|