GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-21
Belén Arrondo, Maribel Jauregi, Jon Urrusolo, Luis Santiso (*)
Eskola publikoaren defentsan

Badira gure bizitzaren eguneroko gauza arrunt ugari, beti izan ditugulakoan, batzuk ezin- bestekoak badira ere, garrantzi handirik ematen ez diegunak. Hezkuntza publikoa dugu horietako bat. Egunero-egunero gure seme-alabak eskolara eramatea guztiz normal integratu dugu gure bizitza erritmoan eta eskolari berari oso gutxitan erreparatzen diogu, ezta gure ikastetxeen jarduerak bizirik mantentzen dituzten milaka langileei ere. Egunerokotasunak ez du interesik sortzen. Baina gure ikastetxeetan egunero azaltzen diren gertakizun eta arazo isilak dira, hain zuzen ere, eraginik handiena dutenak ikasleengan, familiengan, irakasleengan, ikastetxeetako langile guztiengan eta, noski, gizarte osoan.

Gainontzeko zerbitzu publikoetan gertatzen den bezala, hezkuntza administrazioaren kudeaketa eta bere politika osoa parametro ekonomikoetatik abiatzen dira soil-soilik, gaur egun indarrean dauden korronte neo- liberalak eta gastuaren murrizketarekin guztiz bat eginez. Gurean, ikastetxe publikoei zuzenduriko aurrekontuen partida jaitsiz joan da eten- gabe azken urteotan herriaren aberastasun tasarekin konparatuz, eta beste hainbatetan eredutzat jartzen den batez besteko europarrarekiko aldea izugarria da. Hau dela eta, hezkuntza beharrizan berriei ez dagokie baliabideen beharrezko hornidura eta hauen guztien zama, beraz, ikastetxeetako langileen «derrigorrezko boluntaris- mo» profesionalaren gainean jausten da erabat, inongo laguntza edota konpentsaziorik gabeko eginkizun eta funtzio berri ugariren zerrenda handituz.

Baina egoera hau puntu ia jasanezinera iritsi da eta hezkuntzako langile guztien haserrea lehertzeko dago, Hezkuntza Saila eta Eusko Jaurlaritza ororen beraiekiko errespetu falta ikusirik. Hezkuntzako langile guztien lan-baldintzek txarrera egin dute argi eta garbi, ez bakarrik baliabide berdinekin edo, are txarrago, gutxiagorekin aurre egin beharreko beharren igoeragatik, baizik eta hezkuntza administrazioak inposaturiko murrizketen politika gogorragatik ere.

Ezin da bestela ulertu 55 urtetik gorako irakasleentzako irakastorduen murrizketa (ez, aldiz, lanorduarena) behin eta berriz errefusatzea, irakasleen adina, motibazioa, osasuna, desgaste profesionala, ikasleekiko arreta eta hezkuntza kalitatea guztiz batera baitoaz. Are gutxiago, neurri hau 2002ko akordioan jaso ondoren oraindik bete gabe egonda. Edo, alderantziz, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleen curriculum anitzeko tal- deetan aritzen diren irakasleen irakastordu kopurua handitzeko sailaren adierazitako asmoa.

Modu berean, onartezina da guztiz hogei urte baino gehiagotan indarrean egondako irakasle bitartekoentzako egonkortasun konpromisoa bertan behera uztea, kontuan harturik, gainera, honen ondorioak ezin txarragoak izango direla ikastetxeetako plantilen egonkortasunean, beraien hezkuntza proiektuen garapenean eta ikasleen jarraipen egokian. Baita ikasleriaren aniztasun eta hezkuntza beharrizanen konplexutasun handiagoei hobeto erantzuteko taldeko ikasle kopurua jaitsi barik, haur hezkuntza bezain delikatua den etapa batetik hasita igotzeaz tematzea, gure ratioak Europako hoberenetarikoak direla argudio guztiz demagogikoa azalduz baina gure emaitzak ere txarrenetarikoak direla ezkutatuz.

Ezin da inolaz ere justifikatu lan egoerarik ahulenean dauden irakasleen lan-baldintzak gehiago okertu nahi izatea, ordezkoenak, jakina. Are gutxiago, oporrak kobratu ahal izateko beraien eskubidea zalantzan jartzea. Edo eskubide hau bera lan-legepeko ordezkoei oraindik ez errekonozitzea. Ezta azken hamarkadan irakasle guzti- en lansarien eroste-ahalmena %15 jaistea, sukalde eta garbiketako langileen soldatak adminis- trazio orokorreko maila bereko lankideenekin ez parekatzea, edo lan egoera berean egondako irakasleen erretirorako baldintzak ezberdinak izaten jarraitzea ere.

Hezkuntza administrazioaren erabateko itxikeriagatik injustizia hauek guztiak mantentzen ari dira denbora luzean zehar eta ikastetxeetako langileak gero eta posizio pertsonal zein profesional txarragoetan kokatzen dituzte hezkuntza erronka berriei aurre egiterakoan. Egiazko negoziaziorako borondate falta ikaragarria adierazi du Hezkuntza Sailak sektoreko negoziazio mahai guztietan: bilerak erabili ditu bakar-bakarrik bere aldebakarreko erabakien berri emateko (inongo abal sindikalik gabeko oposizioen deialdiak, esaterako) edo bestelako murrizketa berriak iragartzeko. Eta paradoxiko dirudi guztiz Eusko Jaurlaritzaren sail honek negoziazio kolektiboarekin hain errespetu gutxi erakusteak, kontuan harturik gobernua bera dela gainontzeko lan arlo guztietan negoziazio kolektiboa bultzatu egiten duela: gobernu bezala, beraz, besteei eskatzen die bere langileen patroi bezala berak praktikatzen ez duena. Zelan, bestela, uler daiteke urteotako atzerapen hau aurrekoa ordezkatu beharko lukeen eta ezinbestez aurrekoa baino hobeagoa izan beharko den lan-hitzarmena lortzeko?

Gauzak honela, pasa den ikasturtearen bukaeratik gauzatzen ari diren protestak eta egunotarako deituko diren lanuzteak dira irakaskuntza publikoko langileoi Hezkun- tza Sailak uzten dizkigun irtenbide bakarrak. Eta Hezkuntza Sailari berari bakarrik dagozkio, beraz, irakaskuntza publikoan gatazka soziolaboral honek sor ditzakeen ondorio guztien erantzukizun politikoak eta sozialak. -

(*) Sinatzaileak hurrengo sindikatuetako ordezkariak dira: STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Barrena:«Por debajo del derecho a decidir no hay salida posible»
Euskal Herria
El recuerdo que mantiene viva la llama
Jendartea
La OMS afirma que la sanidad africana avanza gracias a las iniciativas locales
Ekonomia
Adoptan medidas contra el promotor acusado de impago
Jendartea
Un autobús embiste en Iruñea a 16 vehículos estacionados
Euskal Herria
El jefe de los peritos policiales afirma ahora que «no todo es ETA»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss