KATMANDU
Milaka gerrillari maoista Nazio Batuen Erakundeak ezarritako biltegietara joan ziren atzo beren armak uztera. «Milaka borrokalari kanpalekuetarantz joaten ari dira eta astearterako gehienak iristea espero dugu», adierazi zuen Dev Gurung maoisten aldeko negoziatzaile batek. NBEko ikuskatzaileak gaur joango dira biltegi horietara adostutakoa ondo bete dadin egiaztatzeko.
Gerrillariak armak utzi eta biltegietan gordetzea maoistak eta Nepalgo Gobernuak hitzartutako bake akordioaren atal bat da. Akordioa hilaren hasieran lortu bazuten ere, gaur egingo dute sinadura ekitaldi ofiziala.
Hitzarmenaren arabera, maoistak behin-behineko Exekutiboan parte hartuko dute datorren urtean hauteskundeak izan arte. Boz horiek 2007ko ekainean egitekoak dira, eta Konstituzio berria egingo duen Batzarreko kideak aukeratuko dituzte. Batzar Eratzaile horretan erabakiko dute Nepalen 238 urte iraun duen monarkiak indarrean jarraituko duen edo bertan behera geldituko den.
Nepalgo bake prozesua joan den apirilean abiatu zen. Gyanendra erregeak 14 hilabete zeramatzan Parlamentuaren eta Gobernuaren kontrol osoarekin. Orduan, baina, herritarren matxinada baten ondorioz, Gyanendrak Parlamentua berriro ezarri zuen eta behin-behineko Gobernua osatu zen.
Prozesua ez zen, ostera, erraza izan. Herritarren aldarrikapenak isilarazi nahian, manifestazioak erreprimitzeko agindu zien Gyanendrak Poliziari eta Armadari. Ondorioz, hogei bat hildako egon ziren.
Gertaera haiek ikertzeko batzordea eratu zuen egungo Gobernuak, eta hark Gyanendra jo du gehiegikeria haien erantzule. Erregea ez ezik, ministro ohiak, Poliziako buruzagi ohiak eta orduko funtzionarioak ere jotzen ditu sarraski haren errudun. Guztira, 201 lagunen kontrako auziperatzea gomendatzen du batzordeak. «Errudunak zigortu behar dira», esan zuen batzordeko kide Krishna Jung Rayamajhik.