Eguzkik gizarteak kontzientzia hartzea gura du azken kanpaina horrekin, gehienetan horrelako inguruek behar bezalako babesa jasotzen ez dutelako. Era berean, duten «balio biologiko handia» aitortzea bilatzen dute.
Etxeetara bidalitako informazioan itsas padurak ibai ahoetan dauden eremuak direla azaltzen dute, eta itsas mareen uholdeei oso lotuta dauden «ekosistema konplexuak» dituztela nabarmentzen dute. Izan ere, hegazti eta ugaztun askoren bizileku dira, eta horregatik ingurunean duten garrantziaz ohartarazi nahi dute.
Politika ofizial egokirik izan ez delako, edo kutsaduraren eraginez, itsas padura gehienak oso egoera txarrean daudela jakinarazten du Eguzkiren oharrak. Argi azaltzen du, era berean, «erakundeek beren babes politika lehenbailehen aldatzen ez badute», ingurune horien balio biologikoa galtzeko arrisku larrian egongo dela.
Badago nabarmendu duten beste ezaugarri garrantzitsu bat ere. Izan ere, itsas padurek euren artean lotuta dauden ekosistemen sare-ekologiko bat osatzen dute. Hala, handiagoak edo txikiagoak, kate horretan «ezinbesteko osagarriak» dira denak, eta horregatik, Muskiztik Baionako kostaldeko azken puntaraino ekosistema oso bat balira bezala hartu behar direla nabarmentzen du Eguzkik, herritarrak babesak duen garrantziaz jabe daitezen.
Leako padurei dagokienez, inguruko beste asko baino egoera hobean daudela azaldu du Eguzkik, eta egoera horretan ibaiaren arroan bertan ez eraiki izanak lagundu du, inguruko beste batzuetan gertatu ez den bezala.Adibide modura, Ondarroako kasua aipatu dute. Saihesbidea eraikitzeak inpaktu zuzena izan zuela argitu dute talde ekologistako ordezkariek, eta gaur egun oraindik beste mehatxu garrantzitsu bat baduela azaldu dute, 500 etxebizitza ingururen eraikuntzak kalte egingo duela uste baitute.
Hala ere, Leakoak industria tradizionalaren inpaktua jasan duela gogoratu dute, eta horren eraginez, paisaia ere aldatu dela. Gainera, ontzigintza tradizionalak garrantzia galtzearekin batera, gune ekologiko horiei ere bizkarra eman zaiela nabarmendu dute.
Baina, duten garrantzi ekologikoaz gain, zergatik da hain garrantzitsua gune horiek babestea? Hala, padurek zertan laguntzen duten argitzen dute Eguzkikoek: uholdeen ondorioak hain bortitzak ez izaten, ura garbitzen eta biodibertsitatea zaintzen, besteak beste.
Basoetako bizitzaren erreserban ere parte hartzen dutela diote, hango biodibertsitatearekin lotuta daudelako, eta kulturaren, ohituraren eta paisaiaren zati bat direla diote. Lokatz eta belar zahar multzo baten moduan ikusten duenari, gunea bisoi europarraren, azkonarraren, urretxindorraren edota lertxunaren bizilekua ere badela esan diote. -
MENDEXA