Norberaren liburua defendatzen
Liburu eta disko sinatuen eskaera eta eskaintza fenomeno berri samarra da Durangoko Azokan, baina oso urte gutxiren buruan zeharo sendotu dena. «Liburuak erostera etorri beharrean, jendea sinadurak erostera datorrela ematen du», dio baten batek. Ez da kritika, konstatazioa baizik. Stand atzean ere «defendatu» behar omen da norberaren liburua, eta gero eta gehiago dira langintza horretan saiatzen diren idazleak.
Azokak beti-betitik eman du egileak eta irakurleak aurrez aurre egoteko aukera. Izan ere, hori omen da bere ezaugarririk estimatuenetako bat. Liburu sinatuen eskaera eta eskaintza, ordea, fenomeno berri samarra da, orain dela bost bat urtekoa. Fenomeno horren bilakaera izugarri azkarra izaten ari da. Hasieran, idazleek goiz-pasa edo arratsalde-pasa egiten zuten sinadurak egiten. Gaur egun, berriz, asko eta asko goiz eta arratsaldez egoten dira eta, ahal dela, Azokak dirauen egun guztietan, gainera. Stand atzean ere «defendatu» beharra omen dago norberaren liburua.
Joxe Mari Iturraldek ez zuen herenegun Durangora joaterik izan, baina atzo goiz eta arratsaldez liburuak sinatzen egon zirenetako bat izan zen, eta Azokak iraun bitartean Pamielako standean horrela jarraitzeko asmoa du. «Gustura, gainera», GARAri adierazi zionaren arabera. Bost urteren buruan, “Hyde Park-eko hizlaria” argitaratu du. «Ez da liburu txiki bat, nobela mardula baizik, eta, hemen egonda, bultzatu nahi dut; ea mugitzen den».
Stand berean, Juan Carlos Etxegoien “Xamar” zegoen, “Euskara Jendea” plazaratu duena. «Liburua irailean atera genuen, 2.500 aleko tiradarekin, eta dagoeneko inprentan da bigarren edizioa; beraz, oso harrera ona izaten ari da», esan zuen. Bitxia da Xamarren kasua. Ez da irakurleek fisikoki ezagutzen duten idazle horietakoa («ez naiz star systemekoa», aitortzen du, umore onez). Bere liburuek sekulako arrakasta dute, ordea. Horren lekuko da “Orhipean”, orain dela urte mordoa plazaratu eta egun ere poliki saltzen dena. «Frantses bertsioa udaberrian atera zen eta oraintxe erran didate agortuxea dagoela. ‘Orhipean’ gure kulturaren inguruko dibulgazioan oinarrizko liburu bezala geratu dela ematen du».
Juan Karlos Irizar piano-jotzailea ere Azokan «ia-ia gau eta egun» pasatzen dutenetako bat da. “Itsasoa” da argitaratu duen azken diskoa, eta dedikatoriak sarri eskatzen dizkiote. «Bihotz-bihotzez idazten ditut nik, egiten dudan musika bezala», esan zion GARAri.
Edorta Jimenez izan zen Durangon bere liburuak defendatzen sendo aritu zirenen aitzindarietako bat. Zoritxarrez, aurten ezingo da bestetan bezainbeste egon. «Makal nago, gripeak jota-edo», desenkusatu zen. Dena dela, atzo goizean Susako standean egon zen liburuak sinatzen, eta bihar eta etzi ere hor egongo da “Koioteren arrastoa”ren defentsan.
Zubian, Sustrai Colina zegoen, “H gabe”rekin. «Aurreko urteetan Bertsolari Elkarteko standean egon naiz, baina neuk idatzitako liburu batekin, hau da nire lehen esperientzia, eta benetan ona izaten ari da. Irakurleen aurpegiak ikustea gustuko dut; gainera, nik ez dut erreferentziarik, baina, esaten didatenaren arabera, liburua nahiko ondo saltzen ari da», adierazi zuen. Dedikatoriak ez ditu bertsotan egiten, baina, «ahal dela, behintzat, bai errimatuta». Eta, hori bai, beti bat-batean. «Durangon ere bat-batean bizi gara-eta; atzo saioa, gaur sinadurak eta bihar presoen aldeko agerraldia», esan zuen, Haur Literatur Aretora bere liburuaren berri korrika joan aurretik.
“Argia”ko standean, berriz, Amets Arzallusen zain zeuden, Txomin Txuekarekin batean Boliviatik bueltan idatzi duen liburua dedikatzen has zedin. «Bai aitortu zuen Bego Zuzak, liburuak erostera etorri beharrean, jendea sinadurak erostera datorrela ematen du». Ez zen kritika, konstatazioa baizik. Boliviari buruzko liburuaz gain, bi dira aurten “Argia”k ekarri dituen nobedadeak: “Ziztadak”, haurrentzako joko bat, erleen mundua ardatz duena, eta “Kirolaz badakit” galdera-erantzuneko jokoa, CD osagarriarekin eta guzti.
18/98ko standean ere sinadurak ziren nagusi, baina ez «egileenak», baizik eta auzipetuekiko elkartasuna adierazi nahi zutenena. Mahai atzean, berriz, dagoeneko urtebete Madrilera etengabeko joan-etorrian eman dutenetako hiru: Jaime Iribarren, Joxean Etxeberria eta Juan Mari Mendizabal. Autoinkulpazio asko biltzeaz gain, “18/98+... auzolanean” diskoa primeran saltzen ari ziren. «Egia esan aitortu zuen Etxeberriak, nik ez dut honetan esperientzia handirik, baina benetan harrituta nago, diskoa izugarri ondo saltzen ari delako».
Elkartasuna biltzen ari ziren ere Maddi Etxeberri eta Zezili Foix Gure Irratiko langileak. Suak emisora zeharo kiskali eta hamaika ahalegin egiten ari dira astelehenean berriro ere uhinetan egoteko. Dena dela, Etxeberrik jakinarazi zuen: «Urtebete bederen beharko dugu berriz ginen lekura joateko». Harritu samartuta eta pozik zeuden biak ala biak Durangon hartzen ari diren elkartasunarekin. «Jendeak badu gertatu denaren berri, eta dirua ematen du, ez dugu argibiderik eman behar». Zezilik gehitu zuenez, sostengu morala ere behar dute. Horretarako, helbide elektroniko bat paratu dute, gureirratiaelkartasunaeuskalirratiak.info. «Elkartasun mezuak ere biziki inportanteak dira. Emititzen hasiko garelarik, heldu den astean, antenan pasatuko ditugu».
Elkartasunak Durangon tokia badu, eta zeresanik ez promozioak. Atzo, esaterako, Goienkalen gora eta behera ibili ziren bi klown “Nabarra”ren eta “Gaztetxulo”ren artean eratu duten stand erotikoa famatzen. Pamielan, berriz, bezeroei Atxagaren umorezko narrazio bat egiten zieten opari: “Fontainebleau Hotel, Miami”. «Orain arte gaztelaniaz bakarrik zegoen argitaratuta, eta gure bezeroek euskaraz hartzea estimatuko dute, seguru», adierazi zuen Pello Eltzaburuk. -
Magia, hip-hop eta break dance
DURANGO Txan Magoak ez du aurten Durangora nobedade-nobedaderik ekarri (nahiz eta, egia esan, inprimatutako bere azken abentura oso aspaldikoa ere ez den), baina ez zion horregatik urteroko hitzorduari uko egin, eta zoragarri aritu zen atzo Gerediagak antolatu duen literatur lehiaketako sari-banaketan. Ez zen zoragarri aritu zen bakarra izan. Style Fusion-ek egin zuen break dance erakustaldia ere denak txunditzeko modukoa izan zen. Hori gutxi balitz bezala, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Xabier Enbeita bertsolariak hip-hopeatzen aritu ziren. Abasolok adierazi zuen: «Bertsoa eta hip-hopa/ lehengusuak dira». Gerediagak antolatu duen lehiaketari dagokionez, ipuin atalean, lehenengo saria Lezoko Institutuko DBH 4. maila B ikasgelakoek irabazi zuten “Begi beltz horiek” lanarekin. Mari da protagonista. Bigarren saria, berriz, Lezoko Institutuko DBH 4. maila A ikasgelakoak izan ziren, “Maitasun gatazkak”ekin. Romeo eta Julietaren euskal aldaera da. Bertsotan, Urola Institutuko 3. maila Ckoak nagusitu ziren, Durango famatzen duen sorta batekin.
|