Proiektu berri eta askotarikoek topo egin dute diskoetarako erakustokietan
Musika etengabe ari da kontsumitzen Landako eraikinera sartzen den laguna. Bozgorailuetatik gelditu gabe entzungo ditu euskal taldeek sortu dituzten azken melodiak. Azokako edozein saltokitan aurki ditzake CD eta DVDak, baina Barrenkale da diskoaren gunea. Bertatik paseatuz gero, izenburu berriez gain, aldaketa sakonagoak suma daitezke.
Metak etxea presente egon zen iazko Azokan. Handik hilabetera, desagertuko zela jakinarazi zuten zigiluaren arduradunek. Hala, bere katalogoa osatzen zuten taldeek alternatiba bila jo behar izan zuten. Urte erabakigarria izan da marka harekin lan egiten zutenentzat.Dena dela, diskoetxeak argitaratu zituen lanak eskura daitezke Landakon egun hauetan. Barrenkale korridoreko 33 eta 34 zenbakiak daramatzaten mahaiak dira Metak-Esan Ozenkirenak. Inguruan, diskoetxearekin jardun ziren musikarien lan berriak topa daitezke. Horietariko batzuek autoekoiztea hautatu dute. Asier Zulueta Metak-eko arduradun ohiak esan zuenez, aterabide egokia izan daiteke norberak bere ekoizpena kaleratu eta aurrera eramatea, errazagoa baita egitura txiki bat mantentzea handiago bat mantentzea baino. Haren ustez, Azoka «bitxia» da aurtengoa. Bisitari moduan aurkitu genuen Barrenkaleko sarreran.
Muguruza talkarekin
Hurbil, metro eskas batzuetara, Fermin Muguruza zebilen pauso bat aurrera eman ezinik. Berarekin argazkiak atera nahi zituzten batzuek; sinadura eske zetozkion beste asko. Irungoa Talka Records markarekin agertu da abendu honetan Landakon. Oreka TXkoekin partekatzen du postua. «Azken 15 urteotan, bai egile bezala bai editore bezala, Esan Ozenkirekin eta gero Metak-Kontrakalearekin lan egin dut. Desagertu denez, neure burua berriz kokatzeko urtea izan da 2006.a, beste talde askorentzat bezala. Nik neure diskoetxe propioa sortu dut, Joseba Tapiak etaSu Ta Garrek bezala. Nire ibilbidean ohikoa izan da nire lana autoekoizpenean oinarritzea.Talka nire lanak sinatzeko marka izango da. Hala ere, interesgarri deritzot zera aztertzeari; alegia, zein motatako bideak dauden beste diskoetxe- ekin, autoekoizpenaren alde egin duten beste taldeekin elkarlanean aritzeko». Fermin Muguruzarena ez da salmahai berri bakarra. Babelmusik estreinako aldiz dago Durangoko Azokan. Diskoetxe sortu berria da. «Banda eta entzule ahalik eta gehiena hurbiltzeko asmoarekin sortu dugu Babelmusik. Formatuak zainduz lan egingo dugu, hau da, talde bakoitzeko proiektu pertsonalizatua egingo dugu», azaldu zigun EnekoAldaik. Sei erreferentziarekin egin dituzte lehen urratsak, Gozategi tartean.Ez da hasiera makala. Denda birtuala martxan ipintzea dute Babelmusikekoek 2007rako erronka. Eremulauak Ediziogunearen diskoak Internetetik har daitezke doan. Hala ere, Nun-en eta Akaturen lanak argitaratu ditu DurangokoAzokarako. Copyleft filosofiarekin bat egiten dute proiektu horren atzean dauden lagunek. «Gu ez gaude hemen diskoak saltzeko; taldeak promozionatzea da gure helburua, artea promozionatzea, euskarazko baliabide gehiago egon daitezen», esan zuen Xabier Doncelek. Musikaren mundua krisialdian dagoela ukatu zuen. «Guretzat Internet baliabide bat da. Zintak beti kopiatu izan dira; Internetetik musika hartzea horixe bera egitea da baina XXI. mendean. Musikariok musika hartzen dugu saretik;hipokrisia hutsa da horren aurka azaltzea», adierazi zuen. Beste diskoetxeetan lekurik aurkitzen ez duten
proposamenak babestera datorEremulauak. Ez du, baina, zigilu arrunt batek bezala
lan egingo, taldeak egitasmoaren parte baitira. Baldintza bakarra: euskaraz
kantatzea. -
Disko osoa ez ezik, abesti bakarra ere eskura daiteke
Gor-ek saltoki berezia jarriko du Teknologia Berrien Plazan. www.gordiscos.com postuan diskoetxearen web orri berritua bisita daiteke. Txoko horretan denda birtuala nola dabilen azaltzen diote bisitariari: eskaintza nola kontsultatu eta diskoak nola erosi. Abesti bakarra nahi duenak mp3 formatuan eskura dezake 0,63 euroan. CD berriei dagokienez, Internet erabiltzaileak kanta bat jaso dezake doan. Berri Txarrak, Ken 7 eta katalogoan diren beste taldeen nondik norakoak irakur ditzake eta erregistratuz gero, nobedadeen berri jasoko du e-mailez.
|