Indartsu dator Keike bere bigarren CDan
Lau urteren buruan Ondarroako Keike taldeak bi disko kaleratu ditu. «Beldurra, mina, argia...» izenburukoa da Durangon egunotan aurkezten duten bigarren lana, Keike taldearen nortasuna adieraztera datorrena, alegia. Hamar abesti indartsuz osatuta, ahotsa eta gitarren soinuak dira ezaugarri nagusiak.
DURANGO
Zenbait aldaketarekin bueltatu dira Keikeko lagunak beren bigarren diskoan, baina batez ere “Beldurra, mina, argia...” izeneko CDa gogutsu ezagutarazteko. «Oso gustura geratu gara egindako lanarekin eta zuzenekoetan aritzeko gogoz gaude», onartu du Gorka Ruiz baxuak.
Aldaketa nabarmenena taldekideena izan da. Orain arte aritu den Axular gitarra-jotzaileak taldea utzi eta Itxasok Jauko Barik taldekoa hartu du ordezko lekua. Hala eta guztiz ere, Keikeren estiloa mantentzen da bigarren lan honetan. Nerea Sanchez abeslariaren ahotsa da Ondarroako taldearen ezaugarri nagusietako bat. Gorkak nabarmendu duenez, «Nerearen ahotsa oso polita da eta indarra dauka». Era berean, ahotsak bat egiten du erabat gitarraren soinu indartsuarekin. «Gitarrak oso landuak dira. CDak soinu zuzena eta ‘gitarreroa’ dauka», azaldu du taldekideak.
Hitzei dagokienez, gordinak, zuzenak eta errealitatetik sortutakoak dira. Nereak konposaturikoak, alegia. Beldurra eta mina hitzak kantetan hainbeste aldiz agertu ostean erabaki zuten Keikeko kideek diskoari “Beldurra, mina, argia...” izenburua jartzea. Diskoa Ondarroan grabatu zuten urrian, Santos Records estudioan. «Mikel eta Iñigo Santos anaiekin aritu gara etxean eta horrek izugarrizko lasaitasuna eman digu grabatzeko orduan. Asko lagundu digute», aitortu zuen musikariak.
Keikek zuzeneko emanaldiak egingo ditu aurki: hilaren 15ean Soraluzen, 23an Donostian eta 29an Ondarroan.
|