Alderdi politikoak, usteletan ustelenak, herritarren aburuz
Herritarrek ustelkeriaren arazoaz duten ikuspuntua aztertu du Transparency International GKEak. Alderdi politikoak, gobernuak, enpresak eta polizia dira ustelenak, galdetutakoen iritziz. Gobernuek ustelkeriaren inguruan epelegi jokatzen dutela eta batzuetan babesten dutela uste dute. Poliziak legez, kanpoko eskupeko gehienak jasotzen ditu, haien aburuz.
MADRIL
Alderdi politikoak munduko erakunderik ustelenak dira eta polizia legez, kanpoko eskupekoak gehien jasotzen dituztenak. Horixe dio, behintzat, Transparency Internationalek (TI) eginiko Ustelkeriaren Barometroak.
TI Gobernuz Kanpoko Erakundeak munduko 62 herrialdetako herritarren artean ustelkeriari buruzko galdeketa egin du ea euren estatuetako gobernu, parlamentu, alderdi politiko, polizia, enpresa pribatu, osasun zerbitzu eta bestelako erakundeak ustelak diren uste duten.
Europar Batasunean (EB) itaundutako herritarren ustean, alderdi politikoak dira ustelenak. Ostean, parlamentuak eta enpresa pribatuak daude. Europako hego-ekialdean, aitzitik, osasun zerbitzuek eta botere judizialak puntuaziorik txarrena jaso dute. Afrikarren iritziz, berriz, polizia da ustelena.
Eroskeriaz edo legez kanpoko eskupekoez galdetuta, poliziak ematen du itxurarik okerrena. Latinoamerikan galdetutakoen hirutik batek eta Afrikan erdiek onartu dute poliziari eskupekoa eman diotela. Marokoko eta Kamerungo kasuak aipagarriak dira. %60k eta %57k, hurrenez hurren, arazoak ekiditeko poliziari ordaindu diotela esan dute. Europa eta Ipar Amerikan, %2k onartu zuten dirua eman diotela, baina gehienek uste dute langileengan baino gehiago ustelkeria goi-agintaritzan dagoela.
Bestalde, galdetutakoen %69k uste dute gobernuek ez diotela ustelkeriari behar legez aurre egiten. Europarren %42ren eta iparramerikarren erdien aburuz, euren gobernuek ustelkeriaren kontra martxan jarri dituzten neurriak ez dira eraginkorrak. Latinoamerikarren %23k, iparramerikarren %19k eta asiarren %15ek, ostera, buruzagi politikoek ustelkeria babesten dutela uste dute.
|