- Heineken Kopa
Biarritzek bost puntuak batuta itzuli beharko luke Border Reiversen zelaitik
·Bihar 14.30ean hasiko den neurketa irabaziko balute, hurrengoa fasea gertu izango lukete
DONOSTIA
Europako Kopako lehen faseko hirugarren jardunaldia jokatuko du Biarritzek bihar Eskozian 14.30etik aitzinera Border Reivers taldearen aurka. Zuri-gorrien helburua jokoan dauden bost puntuak hartuta etxeratzea da. Hori lortuko balute, final-laurdenetarako txartela ia eskuetan izango lukete, eta horixe da ahalik eta azkarren segurtatu nahi dutena.
Hala ere, Biarritzi etxetik kanpo garaipena lortzea asko ari zaio kostatzen. Egia da hutsuneak ere ugari izan dituela denboraldiko zati honetan, baina talde handia dauka eginda, diru asko gastatu du munduko jokalaririk onenetakoak taldean izateko, eta horiei gehiago ere eskatu beharko lieke.
Europako lehiaketa honetan, orain arte behintzat, talde zuri-gorria ongi dabil, jokatu dituen partida guztiak irabazi egin baititu. Multzoko talderik onena ere eurek dute, eta hori baieztatu beharra daukate. Horretarako, bi partidetan puntu gehigarria ere lortu dute, eta orain arte behintzat, egin beharreko guztia ongi ari dira egiten.
Jokatutako bi partidak irabazteaz gain, 72 puntu egin dituzte, eta 17 bakarrik jaso dituzte. Bi puntu gehigarri ere lortu dituzte, eta biak erasoan egindakoak dira. Lapurtarrek atzealde sendoa dute, eta horrek ematen dien segurtasuna ederki aprobetxatzen dute. Hala ere, hortik aurrerako lerroak ere oso onak dituzte, entseguak egiteko ere erraztasun handia erakutsi baitute lehiaketa honetan.
Eskoziarrek, ordea, garaipena lortu behar dute bihar. Hirugarren daude bost punturekin, eta sailkatu nahi baldin badute, puntak lortzen hasi beharra dute. Bihar galduta, agur esango diete final-laurdenetan izateko aukerei. Ligaxka motz hauek horixe dute, askotan azkarregi erabakitzen direla gauzak. Eskoziarrek lapurtarrak mendean hartzeko modua egingo balute, bizirik jarraituko lukete, baina galduta, akabo. Lehen postua lortzea ia ezinezkoa izango lukete, eta bigarren onena izatea ere ez da erraza puntu asko lortzen ez badira. Orain arte jokatu dituzten bi partidetatik bat irabazi eta bat galdu dute. Guztira, 48 puntu egin dituzte, eta 40 jaso. Puntu gehigarri bat ere egin dute, eta hori erasoan lortu dute.
Azken orduko aldaketarik ez bada, honako hamabosteko hau zelairatuko du Biarritzek bihar Eskozian jokatuko duen norgehiagokan: Lealamanua, August, Lecouls, Hall, Couzinet, Betsen, Hareinordoki, Lievrekont, Yachvili, Peyrelongue, Gobelet, Traille, Bosch, Bidabe eta Brusque. Hori baieztatzen baldin bada, beste hauek geratuko dira aulkian: Noirot, Wessels, Dellape, Malonga, Dupuy eta Bobo.
|