- Sokatira
Azken orduko aldaketarik ez bada, Badaiotz ez da Euskal Herrikoan izango
·Arabarren faltan, litekeena da emakumezkoen lehiaketarik ez jokatzea, taldeak falta baitira
DONOSTIA
Sokatirako Zortzinakako Txapelketa hastear dago, eta emakumezkoen lehiaketa arrisku bizian dago. Gutxienez hiru talde behar dira lehiaketa jokatu ahal izateko, eta oraingoz bi bakarrik daude prest, Badaiotz taldeak, azken orduko aldaketarik ez bada, ez duela parte hartuko segurtatu baitu.
Ruth Kaiero taldeko tiralariak eman zituen horren arrazoiak. «Arazoa iaztik dator. Batzuek zapatilak manipulatzen ditutze. Azpian zerbait ematen dute gomaren gainean itsasteko, eta hori ikustea oso erraza da. Gomaren gainean lehen aldiz jartzerakoan ez dago arazorik, baina azkenerako zapatilak lurrean itsatsi egiten dira. Iaz amaitu genuen, baina Launakakoan ez gara atera, eta zortzinakakoan ere azken orduko aldaketarik ez bada, gu ez gara izango», esan zuen.
Arazo horrek badu, Kaieroren ustez, konponbidea, eta borondate apur bat nahikoa omen da. «Guk proposamena egin dugu. Tiratzeko lekura joaten garen unetik, zapatilak kaxa batean uztea. Tiratzerako garaian bakarrik jantzi, eta amaitutakoan berriro kaxara, eta haiek epailearen esku utzi. Ez da besterik. Ez dut uste horren zaila denik hau guztia, baina ezetz esan digute, eta gu baldintza hauetan ez goaz», adierazi zuen Kaierok.
«Tiratzerakoan, denek baldintza beretan, arautegiaren barruan tiratzeko eskatzen dugu, ez besterik. Arazo honek, lehen aipatu bezala, urtebete badu, eta ez da ezer egin, edo egin bada, ez da nahikoa izan arazoa konpontzeko, eta gehiago egin behar da. Baina ez dugu horretarako borondaterik ikusten, eta konponbiderik ez bada, gu ez goaz», erantsi zuen tiralari arabarrak.
Horretaz guztiaz gain, bada beste kontu bat gehiegi gustatzen ez zaiena: «Bilerak egin zirenean, eta ezetz esan genuenean, ez genekien gu kenduta bi talde bakarrik geratuko zirela Euskal Herriko Txapelketarako, eta arazoa hor etorri da. Gu ez bagara joaten, ezin da lehiaketa jokatu. Errua ez da gurea, ordea. Badirudi gu garela txarrak, eta ez da justua, gure kulpa ez baita. Errua zapatilak manipulatzen dutenena izango da, edo hori ekiditeko gauza gutxi egiten dutenena», adierazi zuen Kaierok.
Izan ere, Badaiotz taldea entrenatzen ari baita, eta guztiari uko egitea gogorra dela onartu du. «Gu irailetik ari gara entrenatzen, eta oso gogorra da entrenatu eta jokatu gabe geratzea. Gogorrena guretzat da, baina arazoa konpondu ahal izateko, zerbait egin beharra zegoela ikusten dugu, eta erabaki hau hartu dugu, baina jendeak seguru izan dezala gogorrena guretzat dela», esan zuen Ruth Kaierok.
|