Henrike Knörr - Euskaltzaina
Dotoreziaren alde
Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, ez dator gaizki gure hizkuntzaren orainaz eta geroaz burutapen bat izatea, alde batera utzirik bihotz-berotasunak eta hantusteak, eta hotzean aztertuz egoera.
Laster beteko dira hiru urte 2004ko urtarrilean lehenbizikoz ikusi nuenetik Lazarragaren eskuizkribua, Gipuzkoako Diputazioak erosia. Familia nobleko semea, Arabako Larrean sortua, gazterik ekin zion Lazarragak literaturari. Eta zaharrik bere askaziaren kronika idazteari. Artean besterik idatzi zuenentz ez dakigu. Ia zori hutsak ekarri zigun ezagutzen dugun idazlana, eta agian zori hutsak ekarriko digu gehiago. Gaizki diot: zoriak, baina ikerkuntza lagun.
Olerkari gaztea, baina hegalda handikoa eta munduko berri jakinik. Haren luma-puntara datoz Antzinate klasikoa, Ludovico Ariosto, Sizilia, Madril, Cordoba edo Eskozia. Idazle ona. Hala ere, euskarazko ekoizpenari dagokiola, ez zituen, dirudienez, testuak txukundu eta moldiztegirako prestatu, nahiz diru arazorik ez izan. Aldiz, Etxeparek, hogei urte lehenago, Bernard Lehete herrikidea (biak baitziren Nafarroa Beherekoak) eta Bordeleko Parlamentuan karguduna, izan zuen babesle, eta “Lingua Vasconum Primitiae” («Euskararen lehen fruituak») liburua argitara eman, agian bi bider. Tituluan bertan ageri denez, Etxepare ongi ohartzen zen harena zela euskarazko lehen liburua.
Bi kasuetan, idazle dotoreak eta sotilak. Anitzek kontrakoa pentsatu arren, horixe izan da ohikoa gure literaturan, eta herri osoan ere, norbera dirudun izan edo behartsu. Ohitura eta helburua. Zeren, Kirikiñok (1866-1929) zioen bezala, euskarak kapelua jantzi behar du.
Dotorezia, sotiltasuna. Horixe behar du gure hizkuntzak. Deus ere, edo ia deus ere ez dugu aurreratuko euskara goratu gabe, apaindu eta aberastu gabe, erakargarri eta estimagarri egin gabe. Gizartearen goi mailako balioen artean behar du izan bere tokia euskarak, gauza desiragarrien artean. Egun, aldiz, bestela izaten da maiz: euskara jende zarpatsu, ergel eta indarkeriagileen besalagun aurkezten zaigu. Euskaraz (edo euskararen antza duen hizkuntzaz) ikusten ditugun horma-aldarri gehienak gorrotoz mintzo dira, kultura mes- pretxatzen dute (paisaia, hasteko), eta euskaldun asko gogaitzen eta nazkatzen. Nola nahi ote dugu jendeak senti dezan euskara ikasteko eta lantzeko irrika? Kontraeredu horien nor zaletuko ote da? Nola harritzen gaitu hainbesteren euskararekiko epeltasunak edo uzkurtasunak? Urte luzeen buruan hizkuntzak aurrera egiten ez badu, eta hedatzen ez bada, estonatzen gara?
Itzul diezaiogun euskarari dotorezia. Eta harekin batera olerki-sena. Lan egin dezagun euskara bihotzera irits dadin, behialako oihartzun-ekarle, orobat egungo Euskal Herriak dituen lore bikainen zabaltzaile. Eskolak beharko lituzke Etxepare, Lazarraga, Oihenart, Lizardi eta beste beren lekuan ezarri, merezi duten tokian. Zeren, Hölderlinek bere neurtitz ezagunean dioenez, «Š olerkiro bizi da gizakia». Bai: gizaki izatea, hein handi batean, olerkian murgiltzea da.
Euskara nahitaezko bilakatzea dela helburu entzuten dugu sarri. Baina nik nahiago nuke beharrezko balitz. Beharrezko bizitzeko eta herri honetan eta euskaldunak diren edonon gizaki sentitzeko, gizaki osoa.
Olerkia, dotorezia. Lan gaitza dugu, bakoitzak, guztiok. Euskara ezin izan daiteke euskañola ez franeuskara. Egon gaitezen mundura irekiak, baina gure ondarea zainduz. Adibidez, hemen dugu eurite ergel hori, Zorionak kaleetan, paperetan eta nonahi. Baina Zorionak erdalkeria izaugarria da, upela baino handiagoa. Aski! Datozen egunetan esaiogun elkarri Eguberri On.
Urtebetetzeetan urte askotako edo anitz urtez. Eta norbaitek gure laudorioa merezi badu, esan dezagun bejondeizula edo goresmenak. Hizkuntza bakoitzari berea. Dotoreziaz. Begirunez. -
|