Sanzen Gobernua salatu du Gurelurrek hegazti babestuak hartzea onartzeagatik
Nafarroako Gobernuak babestutako hegaztien harrapaketa baimentzen duela-eta salaketak jarri ditu Gurelur talde ekologistak. Haren hitzetan, azken urteetan nabarmen ugaritu dira hegaztiok harrapatzeko ematen diren baimenak. Era berean, sentsibilizazio kanpaina bat abian jarriko du, herritarrei arazoaren berri emateko.
IRUÑEA
Gurelur talde ekologistak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunen aurka hainbat salaketa jarri ditu «babestutako hegaztiak harrapatzea onartzeagatik». Zehazki, taldeak salaketak aurkeztu ditu ohiko epaitegian, Arartekoan, Europako Batzordean eta Ingurumen Ministerio espainolean. Gurelurren arabera, Ingurumen Departamentua txorizaleei babestuta eta katalogatuta dauden hegaztiak harrapatzeko baimenak ematen ari zaizkie. Baimen horien kopurua, gainera, «modu ikusgarrian handitu» da azken lau urteetan, talde ekologistak adierazi duenez. «Biderkatu egin da har daitezkeen hegazti kopurua eta espezieak, eta horien artean daude Arriskuan dauden Espezieen Espainiako Katalogoan eta, ondorioz, Nafarroakoan dauden hegaztiak». Gurelurrek kritikatu duenez, txorizaleen eta baimenak ematen dituzten Ingurumen Departamentuko arduradunen lege urratzeak ugaritu dira. Talde ekologistak jakinarazi du ehizatzea baimentzen diren hegaztien artean daudela, besteren artean, txorroa, txirriskila arrunta, txoka, txonta, gailupa eta txorro serranoa. «Esaterako, txorro serrano eta gailupa bi espezie katalogatuak harrapatzea eta baimendua dagoen lekuetan gailupa populazioa erabat eliminatzea uzten dute; ez alferrik 101 dira baimendutako hegaztiak», nabarmendu zuten.
Inolako azterketarik gabe
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departementua, gainera, inolako azterketarik egin gabe ari dela adierazi zuten. «Haiek harrapatzea baimentzen ari da kontrolik gabe, hegaztien biztanleriaren gaineko ikerketarik egin gabe, txorizaleei katalogatutako hegaztiak harrapatzeko duten gaitasuna galdetu gabe, horretarako beharraren inolako justifikaziorik gabe; eta jakinda txorizaleek ematen dizkieten baimen ilegalak ez dituztela betetzen», esan zuen.Gurelurren ustez, Nafarroako Gobernuaren portaera Ingurumen Departamentua Nafarroako faunarekin egiten ari den kudeaketa «burugabean» sartzen da. Talde ekologistaren iritziz, Departamentuak katalogatutako espezieak albo batera utzi ditu, «eta arrazoi politikoak direla-eta ehiztarien eta txorizaleen alde egin du». Salaketak jartzearekin batera, Gurelur talde ekologistak sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko duela jakinarazi zuen. Modu horretan, babestutako ehizak dakartzan ingurumen kalteen eta lege aldetik dituen eraginen berri ematen saiatuko dira herritarrei. Era berean, hori amaitzeko postalak banatuko dituzte jendearen artean, jarduera hori amaia dezatela eskatzeko Ingurumen Departamentuko buruari igorriak izan daitezen.
|