DONOSTIA
Igandean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, ekitaldia egingo dute Etxerat eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteek. Hitzordua 18.00etan izango dute Durangoko San Agustin kulturgunean eta bertan, «Euskal Herriko belaunaldi desberdinek bizi izan duten eta oraindik ere bizi duten gerrak ekarritako eskubideen zapalketa» ekarriko dute gogora.
Bi elkarteetako eledunek, Estanis Etxaburuk eta Martxelo Alvarezek, ekitaldiaren berri eman zuten, eurekin batera 70 urte hauetako sufrimenduaren biktima izan diren pertsona ugarirekin batera. Haien artean egon ziren Joan Arantzamendi, Arana Goiri batailoiko kidea, Xanti Orube, Lauaxetaren senidea eta Diego Paredes, Jon Paredes Txiki-ren anaia .
Ekitaldi xume eta hunkigarria izango dela aurreratu zuen Etxaburuk, eta urte hauetan guztietan jazotako gertakariei argia eman eta betiko konponbidea bilatzeko exijituko dute bertan.
Altxamendu frankista Estatu espainoleko herritarren erabakitzeko eskubidea ekiditeko egin zela uste du Alvarezek, eta hori dela-eta, egungo gatazka ugari «sendatu gabeko zaurietan» oinarritzen direla adierazi zuen.
Eskubideen urraketak eta terrorea egun ere bizirik daudela adierazi zuen Etxaburuk, eta torturaren erabilpena eta espetxe politika jarri zituen adibide moduan. Terrorea, indarkeria eta eskubideen urraketak eteteko exijitu eta benetako konponbidea lortzeko egia eta aitortza ezinbestekotzat jo zituen.
Bi elkarteen aburuz, etorkizunean justizia aldarrikatzen duen Ahaztuak bezalako elkarterik egon behar ez izateko beste etorkizun baten alde la-nean jarraitzeko deia egin zuten. «Errepresaliaturik gabeko etorkizun baten alde», gehitu zuten.
Bestetik, iganderako, Irri- txoen Eguna antolatuko du Etxerat-ek, 10.30etik 13.00etara izango da Durangoko Kafe Antzokian.