Lau ekintza aldarrikatu eta «Euskal Herria salgai ez» dela ohartarazi dute
BAIONA
Lapurdin eta Nafarroa Beherean ekaina eta iraila bitartean izandako lau ekintza hartu dituzte beren gain “Ekaitza” aldizkarira igorritako agiri batean, “Euskal Herriko Kazeta-Le Journal du Pays Basque” egunkariak gaur bertan argitaratu duenez. Sabotaje horiek «Frantziak Euskal Herriaren kontra eramaten duen kolonizazio eta mespretxu politikoaren salaketa gordina» eta «erantzun irmoa» direla jakinarazi dute.
Hauek dira aldarrikatutako ekintzak:ekainaren 10ean, Bidarrain, Alain Ducasse sukaldariaren jatetxearen aurka eginikoa; uztailaren 5ean Zokoako etxebizitza promozio baten kontrakoa;abuztuaren 26an Getariako Golf Ouest inmobiliariaren aurka eginikoa; eta irailaren 23an Ziburuko «Golfeko hoteleko aparkalekuan ziren kanpotar dirudunen hainbat autoren erretzea». Salatu dutenez, azken hori «nahita isildua izan da».
Aldarrikapen agirian, honakoa ere adierazi dute:«Frantziaren politika honen aitzinean, euskal jendarteari buru egitera dei egiten diogu, ekintza zehatz eta sendoak burutzerat animatuz. Espekulazio bortitz eta kaltegarri honek irauten duen bitartean, herriak bere ahotsa altxa eta protesta ekintza argi eta zuzenak burutzeko eskubide osoa du. Argi ukan: Euskal Herria ez da salgai!».
|