Hizkuntza, lehen mailako eskubidea
Larunbatean Iruñean hiru mila lagun inguru bildu zituen manifestazioa zabaldu zuen pankartaren aldarrikapenak «Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat. Ofizialtasuna» argi laburbiltzen du estatu espainol eta frantsesaren zapalkuntza dinamikaren eta asimilazio prozesuaren ondorioz euskarak duen mendekotasun izaera eta hizkuntza eskubideak Euskal Herriko prozesu politikoan duen garrantzia. Zenbaterainoko garrantzia? Mobilizaziora deitu zuen elkarte euskaltzaleak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, primeran azaltzen ditu, hitz gutxitan gainera, prozesu politikoaren erdi-erdian euskara kokatu beharraren arrazoiak, Euskal Herriak behar duen aldaketari euskarak behar duen aldaketa estuki lotu beharraren arrazoiak, alegia: «Zertarako aldarrikatzen dugu autodeterminazio eskubidea Euskal Herriko lurralde osorako? Gure ustez, argi dago: eskubideetan oinarritutako Euskal Herria eraiki ahal izateko; hau da, dagozkion eskubideak aitortuak izan daitezen eta, ondoren, horiek egikaritzeko ahalmena izan dezagun». Eta gure hizkuntza, zalantzarik gabe, lehen mailako eskubidea da, egungo hizkuntza lege ezberdinetan Ley del Vascuence delakoak hogei urte bete berri ditu oinarrituz aplikatzen diren hizkuntz politikek, erdararen nagusigoan oinarritzen direnek, inolaz ere bermatzen ez duten ezinbesteko eskubidea. Egoera honetan, horrexegatik da beharrezkoa EHEk egindako aldarrikapena, euskaraz bizitzeko benetako eskubidea lortu nahi baldin badugu behintzat: Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia. Egungo legedien armiarma sareak indarrean jarraitzen duen bitartean, ezinezkoa izango da normalizazioa lortzea, euskara ito egiten duelako, euskaraz bizitzeko eskubideak etengabe urratzen dituelako, ondorio latzak sortzen dituen mendekotasun izaera mantentzen eta indartzen duelako. Horregatik EHEren aldarrikapena eta benetako Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean planteatutako aldaketa eta jauzi kualitatiboa lortzeko euskaltzale guztiei une berezi honetan egindako deia: «Indarra badugu, sinesmena ere bai. Ilusio berriak piztu eta, Euskal Herri osoko indarrak bilduz, bultzada berri bat emateko garaia da». Autodeterminazio linguistikoak ez luke berez normalizazioa bermatuko, jakina, baina bide horretan, zalantzarik gabe, berebiziko ekarpena litzateke.
|