GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-12-18
Koldo Sagasti - Brigadista Palestinan
Palestina. Presio-eltzearen printzipioa

Ekialde hurbila hain da urruna... Aldiro-aldiro hain urruna dirudien munduko bazter horretatik albiste ikaragarriak heldu ohi zaizkigu, edo hobeto esanda, etengabe errepikatzen den albiste lazgarri bera, hain ohikoa izanagatik, albiste izateari utzi ez diona, alegia. Dozenaka hildako eta zauritu, bonbardaketak, Armadaren erasoak eta gure telebistaren beste aldetik asaldatzen gaituzten garrasi etsiak ohikoegiak bilakatu dira. Baina sarraskien atzetik egunez egun bizirik irauten duen gizarte bat dago, jaio denetik bidegabekeria pairatu eta ezagutu besterik ez duena. Presio-eltze batean bizitzera kondenatutako lau milioi lagun.

Presio-eltzearen printzipioa, ordea, ez da halabeharrez suertatu den egoera bat, Estatu sionistaren buru pentsalariek ondo hausnartutako eta garatutako estrategia baizik.

«Jenderik gabeko lur bat lurrik gabeko herri batentzat» dioen leloak bultzatuta (arrazista sionistek ez zeuzkaten pertsonatzat bertan bizi ziren arabiarrak) ekin zioten sionismoaren sortzaileek Eufrates eta Niloren arteko Estatua sortzeko egitasmoari 1948an, eta, horretarako, 500 herri palestinarretik gora bortxaz okupatu eta bertan bizi ziren 900.000 palestinar inguru erbestera bultzatu zituzten. Garbiketa etniko horren bigarren urratsa 1967an egin zuten, Sei Eguneko gerraren ostean palestinarrak haien eremu historikoen %22n itxi zituztenean, Zisjordanian eta Gazan, alegia. Eta Maquiavelok berak asmatuko ez zukeen estrategia honen hurrengo urratsa da 2002tik aurrera garatzen ari diren presio-eltzearen printzipioa.

Presio-eltzea fenomenoaren emaitzen lekuko izaten ari gara egunotan, palestinarren arteko liskarrak, alegia. Baina anaiarteko borroka hauek kanpotik diseinatuak eta elikatuak izan dira, dudarik gabe. Errepara diezaiegun, bestela, egoera honen aurrekariei.

2002an, segurtasunaren aitzakia zela medio, Israelgo Estatuak porlanezko zortzi metroko harresi bat eraikitzeari ekin zion. Nazioarteko Justizia Gorteak 2004an gaitzetsi zuen arren, sionistak etengabe aritu dira 1967ko mugak errespetatzen ez dituen pareta hori eraikitzen. Egun hiru milioi palestinar bizi dira Zisjordanian aire zabaleko espetxe erraldoi batean, ghetto bihurtutako hiri itxi eta inguratuetatik atera ezinik. Gazan, berriz, 1,3 milioi lagun, 300 km2-ko (Trebiñoko azalera) kontzentrazio esparru batean pilatzen dira.

80 kontrol militar baino gehiagok palestinarren mugikortasuna oztopatzen dute, ohiko bizimodua baldintzatuz (jarduera arruntak ezinezko bihurtzen dira, besteren artean, lanera, eskolara, unibertsitatera, zein medikuarenera joatea).

Mugikortasunaren murrizketa dela-eta, langabezi tasak izugarri altuak dira (Gazan populazioaren %70 langabezian dago) eta diru iturri bakarra atzerritik bidalitako diru-laguntzak dira. Ezaguna da, halaber, Europako erakundeek hauteskunde legislatiboen emaitzak onartu ez eta diru la- guntzak eten dizkiotela Palestinako Aginte Nazionalari (PAN), eta, hori dela-eta, funtzionario guztiek apiriletik daramatela soldatarik jaso gabe.

Aldi berean, palestinarrek hautatutako erakundeen ordezkariak, diputatuak zein ministroak atxilotu dituzte (Legebiltzarreko 132 diputatutik 34 kartzelan daude eta 74, Gazakoak izanik, ezin dira joan Ramallahko bilkuretara), Palestinako erakunde propioak baliogabetuz.

Israelek ezarritako apartheid lege berriek jatorri ezberdinetako palestinarren arteko desberdintasunak areagotzen dituzte. Esaterako, PANen eremuetako eta Israelen agindupeko eremuetako palestinarren arteko ezkontzak debekatu dituzte, batek ezin du bestea autoan eraman autoa kendu eta isun handia ezarriko lioketelako, eta abar.

Azken urte erdi honetan, mugitzeko ezintasuna eta oinarrizko gaien eskasia (elikagaiak, botikak...) areagotu egin dira. Egoera hau are larriagoa da, gainera, Gazan. Gazako kontzentrazio esparruan oinarrizko azpiegiturak suntsitu dituzte (errepideak, zubiak, zentral elek- trikoa...) eta ez da argindarrik egongo datozen sei hilabeteotan bederen; elikagai freskoak gero eta eskasagoak dira eta ur korrontea ere urria eta kalitate gutxikoa da. Hori guztia gutxi balitz, bonbardaketak etengabeak dira eta nazioarteko begirale askok egiaztatu duten bezala, arma ez-konbentzionalak erabiltzen ari dira.

Har ditzagun, beraz, osagai horiek guztiak eta sar ditzagun presio-eltze erraldoi honetan. Emaitzak agerikoak dira. Gero eta nahasiagoa den giro honetan ez da harritzekoa, hortaz, liskarrak eta barne borrokak agertzea, baina eztanda egingo ote du eltzeak?

Egun arte, batasuna izan da palestinarren erresistentzia borrokaren ezaugarri miresgarrietako bat. Izan ere, barne ezberdintasun handi eta sakonen gainetik jakin izan baitute arerio okupatzailearen aurkako gutxieneko batasun bati eusten. Egunotan, ordea, palestinarren arteko talken oihartzuna heldu zaigu, gero eta bortitzagoak diren anai-arteko borrokak. Etsaiak diseinatutako eta elikatutako politika- ren emaitzak agertzen ari zaizkigu eta palestinarrek inperialismoaren aurka daramaten borroka gurea ere badela sinesten dugunok ikusten dugu, etsipenez, nola egoera jasanezinagoa bilakatzen zaion herri duin honetako jendeari.

Israeldarrek haien alde dauzkate baliabide guztiak, munduko laugarren armadarik boteretsuena, AEBetako babesa, nazioarteko komunitatearen isiltasun kol- darra eta gerrak elikatutako makineria suntsitzaile baten aparatu geldiezina; palestinarrek, ordea, zilegitasuna eta duintasuna besterik ez daukate. Baina Palestinako lagun batek zioen bezala, «...Israelgo sistema gerrak elikatuta dago, gerrarik gabe Israel desagertzera kondenatuta dago, eta Ekialde Hurbilean bakea dagoen egunean, beraz, Israel desagertuko da, elkar hilko baitute paranoian eta gorrotoan hezitako gizartea dela- ko...». Etsipenean erori gabe, gauza bakarra espero dut, hau gertatzen den egunean, palestinarrek euren begiekin ikusteko bizirik iraun dezatela. Insha Allah. Hala bedi. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Muere un preso en Martutene por causas no naturales
Euskal Herria
Harrera eta babes zabala jaso du Ahotsak-ek Madrilen
Mundua
El canciller palestino sobrevive a un atentado en un día con dos muertos
Kirolak
Martínez de Irujo, el pelotari total
Kirolak
La Real reacciona cuando peor lo tenía
Kirolak
Conquistada otra fortaleza inexpugnable en Primera
Kirolak
Mindegiak lan erdietatik aurrera erabaki du auzia
Mundua
Desaparecen en el mar más de un centenar de emigrantes senegaleses
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss