GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-12-18
Mikel Aramendi
Turki

Turki etxera itzuli da. Ezjakinentzat (eta oso erraza da ezjakina izatea, ingurumari hauetako hedabideentzat existitu ere ez baita egiten pertsonaia), albisteak ez du ezer esan nahi, noski. Jakitunentzat, alderantziz gertatzen dela ematen du: ez dakite zer esan nahi duen albisteak, baina oso argi daukate garrantzitsua dela.

Turki bin Faisal bin Abdul Aziz al-Saud, 61 urtekoa, saudiarabiar enbaxadorea zen Estatu Batuetan iazko abuztutik; joan den astelehenean utzi zuen postua, Riadera itzultzeko. «Horren garrantzitsua ote da horrelako gorabehera diplomatiko bat?», pentsa dezake norbaitek. Albistearen (inguruko) xehetasunetan dago gatza eta piperra, beti bezala.

Bere izenak adierazten duen moduan, Faisalen semea da Turki. Hots, Saudi Arabiako errege semea eta errege biloba, eta beste lau erregeren iloba. Horrelakoak dira Sauden Etxeko kontuak. Eta ez pentsa petrolioak aberasturiko gameluzain bat (soilik) denik Turki: Georgetown, Princeton eta Cambridgen hezitakoa da, Lawrenceville School-etik pasatu ondoren. Erresuma Batuan (2001-2005 bitartean) eta Estatu Batuetan (azken hamasei hilabete hauetan) enbaxadore izan denean, beraz, ingelesaren ezagutza arazorik ez zuen izango. Endredorik izan du, ordea. Esaterako, Irailaren 11ko biktimen abokatuekin, milaka milioi dolarreko kalte-ordainak eskatu baitzizkioten 2002an, erasoaren erantzule izan zitekeelakoan. Inmunitate diplomatikoaren babesa zuela erabaki zuten auzitegiek.

I-11koaz serio samar hitz egin nahi izan den bakoitzean agertu baita Turkiren izena. 1977tik 2001eko egun hori arte Saudi Arabiako zerbitzu sekretuetako buru izan zelako. Eta zerbitzu horien jarduera gehienek sekretu izaten jarraitzen badute ere, haien buru zen bitartean Turkik egindako batzuk ezagunak dira. Adibidez, Afganistango gerra garaian Osama bin Ladenen lankidea baino gehiago nagusia bera zela. Haren adiskide mina izateaz gain, jakina. Eta 1998an Omar mullah-rekin bildu zela Kandahar-en; Osamaren estradizioa lortzeko joan zela esaten du berak; laguntza edota aginduak ematera joan zela diote beste batzuek. I-11koa jazo baino ordu batzuk lehentxeago atera zela hegazkinez Estatu Batuetatik esaten duenik bada. Gauza asko esaten dira Turkiri buruz. Oso larriak denak.

Eta gizon hori zergatik/zertarako itzultzen den Riadera jakingo bagenu... kalte ez. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Muere un preso en Martutene por causas no naturales
Euskal Herria
Harrera eta babes zabala jaso du Ahotsak-ek Madrilen
Mundua
El canciller palestino sobrevive a un atentado en un día con dos muertos
Kirolak
Martínez de Irujo, el pelotari total
Kirolak
La Real reacciona cuando peor lo tenía
Kirolak
Conquistada otra fortaleza inexpugnable en Primera
Kirolak
Mindegiak lan erdietatik aurrera erabaki du auzia
Mundua
Desaparecen en el mar más de un centenar de emigrantes senegaleses
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss