GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-18
«Akordeoiarekin musika mota asko egin daitezke, eta jendeak ez du txipa aldatu»
Gabiriako Oroitz Maiz gaztea orain egun gutxi izandako Arrasate Hiria akordeoi lehiaketaren finalaren atarian geratu zen, auto istripu batean hatz bat puskatu ostean. Saria Vincent Lhernet frantziarrak eraman zuen etxera. Nolanahi ere, Maizen trebeziaz zalantza gutxi dago, nazioartean Euskal Herriko eta Estatu espainoleko ordezkari bakarra izan behar zuen-eta.

ARRASATE

1983an Gabirian jaioa, Oroitz Maizek laster heldu zion musikari. Zazpi urterekin abiatu zituen arlo horretako ikasketak, eta urtebete geroago hasi zen akordeoiarekin, Ormaiztegiko musika eskolako Amaia Garmendia irakaslearekin.

Hamahiru urte zituela Irunera joan zen Carlos Iturralde zein Miren Iñarga irakasleekin Centro Internacional de Estudios Acordeonísticos akademiara ikasketetan sakontzeko, eta han izan zen 18 urte bete zituen artean. «13 urterekin ez nuen oraindik hain garbi, baina pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen nire bizitzako irteera edo lanbidea akordeoiaren mundutik bilatzen», gogoratu du gazteak.

Bere esanetan, Carlos Iturraldek erakutsi zion musika tresna horren munduan irteerarik bazegoela, eta ordutik bide horri eutsi dio gogo biziz. Hain zuzen ere, Irun laster atzean utzi eta Madrilera ere jo baitzuen gabiriarrak Jesus Torres konposatzailearekin armonian zein antzeko arloetan sakontzera. Eta, urtebetera, aldiz, Bartzelonara joana zegoen Kataluniako goi-mailako eskolan akordeoiko goi zikloari ekiteko.

«Lau urteko karrera da hori, ea aurten bukatzen dudan. Hatza apurtuta izan arren ­adierazi du irribarrez­, hori da nire asmoa. Bukatzeko gogoa dut».

Iñaki Alberdirekin jarraitzen du egun akordeoi ikasketekin, eta ibilbide oparo honetan ez ditu falta izan kontzertu edota sari frankorik ere. Baina, aurtengo Arrasate Hiria lehiaketari ezin izan dio bada etekin handirik atera, finalerako txartela lortuta zuen arren. Izan ere, izen hori daraman nazioarteko lehiaketaren 14. edizioak abenduaren 6an hartu zuen sailkapen fasean hamar lagun aritu ziren (errusiarrak, frantsesak, txinatarrak...), eta batek izan ezik guztiek aritu behar zuten bi egunen buruan egingo zen finalean. Baina, hara zihoanean auto istripua izan, eta saihetsetako kolpe ederren bat ezezik, ezker eskuko hatz luzea hautsi zuen Maizek. «Zorte txarra edo ona, ez dakit zer den, baina alde positibotik begiratzen saiatu behar da, gauza okerragoak izaten dira-eta», esan du. Lehendik ere antzeko ezbeharrak ezagun dituela ere aitortu du musikariak. Esaterako, Bartzelonan moto istripu bat izateaz gain, orain bost bat urte Alemaniara lehiaketa batera zihoanean, auto istripu batek galarazi zion han parte hartzea. «Badut istripuetako esperientzia pixka bat. Aurten loteriako hiru dezimo erosi ditut, ea zerbait tokatzen zaidan», azaldu du umoretsu.

Lehiakideen maila, gorantz

Aurtengo Arrasateko lehiaketako arduradunek parte-hartzaileen maila benetan altua izan dela nabarmendu dute, eta urtetik urtera hobetuz doala gaineratu du gabiriarrak. «Lehiaketa hau garrantzi handia ari da hartzen nazioartean ere ­kontatu du­. Hiruzpalau izaten dira urteko garrantzitsuenak, eta hauxe dugu horietako bat».

Dena den, halako hitzorduetara bertaratzen diren gehienak akordeoi munduarekin lotura dutenak baino ez direla ere aitortu du. «Pena da halako lehiaketa antolatu eta gero jende gutxi etortzea ikustera. Halakoe- tan aurkezten diren programak ere askotan ez dira entzuteko errazak, baina uste dut jendearentzat aberasgarria litzatekeela lehiaketa honetara gerturatzea akordeoi munduan egiten diren berrikuntzak ere ikusteko. Tresna hau herri musikarekin lotuta egon da beti, baina egun musika mota asko egin daitezke, eta jendeak ez du txipa aldatu oraindik», azaldu du.



«Foku garrantzitsuena, Euskal Herrian»
I.A.

ARRASATE

Maiz gabiriarrak ongi daki akordeoia bezalako tresnek «dedikazio oso handia» eskatzen dutela, baina argi ditu gauzak: «Kontzertuak ematean geratzen den gogobetetasun hori ez dago konparatzerik bes- te gauza batzuekin».

Beste hainbat lanbidek eskain dezaketenarekin alderatuta, honakoa ondorioztatu du: «Bizitzak erakusten du nondik jo. Beti dago garai bat erabaki bat hartu behar dena, eta hartuz gero, buru-gogor egin behar. Nik hau erabaki dut, eta kosta ahala kosta egingo dut. Memento onak eta txarrak izaten dira, beste gauza guztiekin bezala, eta bizipen hau nahiko gogorra da, baina neurria hartu behar dio norberak».

Osterantzean, honakoa ere gaitzetsi du: «Akordeoia euskal tresna herrikoia izan arren, jendeak ez du ikusi nahi halako instrumentuak egun zein musika mota egin dezakeen, edo ez da irteten etxetik hori ikustera. Gauza berriak erakutsi behar dira, baita lehenagokoak ere, konparatzeko izan ditzaten». Bere ustez, dena den, tresnaren egoera hobetuz doa urtez urte: «Euskal Herrian dago Estatu espainoleko akordeoilari foku garrantzitsuena».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Muere un preso en Martutene por causas no naturales
Euskal Herria
Harrera eta babes zabala jaso du Ahotsak-ek Madrilen
Mundua
El canciller palestino sobrevive a un atentado en un día con dos muertos
Kirolak
Martínez de Irujo, el pelotari total
Kirolak
La Real reacciona cuando peor lo tenía
Kirolak
Conquistada otra fortaleza inexpugnable en Primera
Kirolak
Mindegiak lan erdietatik aurrera erabaki du auzia
Mundua
Desaparecen en el mar más de un centenar de emigrantes senegaleses
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss