Joxemari ETXENAGUSIA | PILOTARI OHIA
Beste ezeren gainetik, erritmo oso handiko finala izan da
Erritmo handiko neurketa eta oso bizkor jokatua ikusi dugu, horrek sortzen dituen ondorio guztiekin. Barriola oso ongi aritu da hasieran, dena ongi irten zaio eta zortea ere lagun izan du. Irujo, aldiz, kantxan jarri ezinik ibili da eta bere onetik kanpo. Baina, nire ustez, Leitzakoak berak aldatu du partidaren norabidea. Saketik egin duen faltak sekulako garrantzia izan du, ez bere bolada ona moztu duelako bakarrik, hurrengo tantoetan burua pixka bat galduta ibili delako ere bai.Horrelako partidetan sakea alde edukitzeak asko esan nahi du eta Irujo hortxe sartu da finalean. Hasieran izan ez duen zortea iritsi zaio eta bere jokoa egiten hasi da. Aldageletara joan denean lepoari eusten zion arren, une horietan ez du inolako arazorik izan: horretan ere Julian Retegi txapeldun handiaren antza duela iruditzen zait. Jokoa mozten jakin du. Tanto dezenteko abantaila hartu du eta, egia esateko, 20-16ko emaitzarekin partida amaituta zegoela pentsatu dut Irujoren kemena ikusita. Baina berriz ere Abelek amore inoiz ez duela ematen erakutsi du eta finala gori-gorian jarri du 20nako berdinketarekin. Behin puntu horretara iritsita, teoriak ez du asko balio eta irabaztetik galtzera ia tarterik ez dago. Irujok eraman du txapela eta zoriondu besterik ez dago. Txapelketaren balantzea egitean, nahiko neurketa onak ikusi ditugula nabarmenduko nuke. Ligaxka aurretik joko askorik ez genuen ikusi, baina ligaxkan maila oneko partidak ikusi ditugu eta finalak biribildu du txapelketa.-
|