«Begira-Begira», tradizioaren altxorra liburu batean bildua
·Zortzi idazleren ipuinak, poemak eta hitz-jokoak bildu ditu Elkarrek argitalpenean
DONOSTIA
«Tradizioa transmisioa da. Euskal literaturaren tradizioa ipuinak, poemak, hitz-jokoak, hizkuntzarekin jolas egitea altxor kultural eskerga, gureganaino heldu da, guregana transmititu da, eta horrenbestez, gaurko idazleei dagokie altxor hori aberastea, transmisio katea eten ez dadin. Tradizioaren literatur balioa, noski, ez da mugatzen ipuin jakin batzuk, poema jakin batzuk, hizkuntz jolas jakin batzuk behin eta berriz errepikatzera, osatu eta aberastu beharreko altxor bat da. Alde horretatik, tradizioak hartu behar ditu transmisio modu berriak». Horrela azaldu dute Elkar argitaletxekoek “Begira-Begira, tradizioaren leihotik” liburuaren mamia.
Euskal literaturan aski ezagunak diren zortzi idazleren lanak aurki daitezke lan berri horretan: Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Juan Kruz Igerabide, Mitxel Murua, Txiliku eta Joxan Ormazabalena, hain zuzen ere. Liburuan ipuinak, poemak eta hizkuntz jolasak irakur daitezke. «Arnasberrituta apaindu eta apailatu dizkigute gure haur literatur sorkuntza jorratzeko. Literatur pieza miresgarriak eskaintzeaz gainera, liburu hau altxor bat da. Baina ez da hori bakarrik, bide erakusle baita haur literaturaren bilakaeran», gaineratu dute. Testuekin batera, protagonismo berezia dute Elena Odriozolaren marrazkiek. «Bere marrazkiak ez dira soilik eder, tradizioari leiho berriak irekitzeko arrasto horretan sarturik, bere-bereak diren irudimenaren hegalak eta edertasunaren eta gustuaren finezia erantsi dizkie testu literararioei», nabarmendu dute.
|