GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-21
Parisek Errea eta Larraz abokatuak espetxeratu ditu
Itziar Larraz eta Unai Errea euskal abokatuak Estatu frantsesaren preso dira atzo ezkero. Bi horien eta gatibu dauden lau euskal herritarren aurkako epaia kaleratu zuten atzo. Auzitegian eskuburdinak jarri eta espetxeratu zituzten bi abokatuak. Parisek ildo errepresiboan egindako «jauzia» gogor salatu dute Eskubideak eta Askatasunak.

PARIS

Beste jauzi bat eman du Estatu frantsesak Euskal Herriaren aurkakobide errepresiboan. Itziar Larraz eta Unai Errea euskal abokatuak espetxeratu zituen atzo Parisko Auzitegi Korrekzionalak, bi abokatuen eta lau euskal preso politikoen aurkako epaiketaren epaia kaleratzearekin batera.Askatasunak eta Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak gogor salatu dituzte espetxeratze horiek eta sei euskal herritarren aurka ezarritakozigor «neurrigabeak».

Philippe Vandingenen epailea buru duen Parisko Auzitegi Korrekzionaleko 10. Aretoak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion atzo Itziar Larraz abokatuari; eta lau urtekoa, berriz, Unai Erreari. Bi abokatuoi, gainera, hamar urtean abokatu lanetan jarduteko eta Estatu frantsesean bizitzeko debekua ezarri die Auzitegi bereziak; izan ere, «auzipetutako kargu guztietan errudun» izendatu ditu. Nahiz eta berehala atxilotzeko agindurik ez zuen epaiak, Auzitegiko aretotik eskuburdinekin atera ziren bi euskal herritarrak espetxe frantses bateranzko bidean.

Haiekin batera, Josetxo Otegi, Aintzane Orkolaga, Ainhoa Mujika eta Lorentxa Beyri epaitu zituen Parisko 14. Sekzioaren parte den auzitegiak. Lau euskal preso poltikooi bost urteko zigorra ezarri die.

Helegitea jarriko du defentsak

Nahiz eta bi abokatuon eta lau euskal preso politikoon aurkako prozedura auzi berean sartu zuen joan den ekainean Laurence Le Vert epaile frantsesak, Itziar Larraz donostiarra 2003ko ekainean atxilotu zuten; eta Errea, berriz, 2005eko apirilean. Euskal preso politiko horiei ETA erakunde armatuarenak omen ziren gutunak helaraztea leporatzen zien Fiskaltzak, eta atzo, ontzat eman zituen Parisko Auzitegi Korrekzionalak tesi judizial horiek.

«Erreak eta Larrazek atxilotutako ekintzaileei dokumentuak igorri dizkiete, eta helburu zehatz batzuekin eta ETAk erabakita, kontzienteki egin dute», argudiatu zuen atzo ere Fiskaltza frantsesak. Argudio horiek bere egin, eta espetxeratu zituen atzo Parisko Auzitegi Korrekzionalak.

Bestetik, Irene Terrel, bi abokatuon defentsa, haserre agertu zen kaleratutako erabakiarekin. «Onartezina da. Basakeria da eta onargarria denaren mugak gainditzen dituen errepresio bidegabea da», azaldu zuen Terrelek. Erregu apelazioa eta bi abokatuak berehala askatzeko galdegingo duen helegitea segituan aurkeztuko dituela gaineratu zuen.

Gainera, Itziar Larraz eta Unai Errea kartzelatuta, Parisko Auzitegi Korrekzionalak bi abokatuak espetxeratu baino lehenago legeak eskaintzen dituen errekurtsoetarako bideak zanpatu dituela salatu zuen Irene Terrelek.



Nazioarteko organismoetara joko du Eskubideak elkarteak

PARIS

Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak, Eskubideak-ek, irmoki salatu du bertako kide diren Unai Errea eta Itziar Larraz abokatuen aurka Parisek ezarritako zigorra eta espetxeratzea. Euskal Herriko eta nazioarteko organismoen eta elkargo profesionalen ateak joko dituela jakinarazi du bi abokatuen egoera salatu eta berehala aska ditzatela exijitzeko laguntza bilatzearren.

Bi abokatuen aurka epaimahaiak izan dituen «aurreiritziak» nabarmendu ditu berriro ere Eskubideak-ek, eta horrek «frantziar botere judizialaren independentzia eta inpartzialtasuna» kolokan uzten dituela azpimarratu.

Izan ere, Philippe Vandingenen Auzitegi Korrekzionalako 10. Aretoko presidente lanetan aritu denarekin zalapartak izan zituen aurretiaz Itziar Larraz abokatuak, eta horiek hala, Vandingenen-en aurkako helegitea jarri zuen defentsak orain denbora. Halere, helegitea aztertu gabe espetxeratu dituzte Larraz eta Errea, eta gogor salatu du ekintza hori.

Euskal Herriko Abokatuen Elkartearen esanetan, bi abokatuon aurkako zigorra «neurrigabea eta termino juridikoetan justifikaezina» da, eta, alde horretatik, elkartearen aldetik elkartasun «bero eta estuena» helarazi nahi izan die Erreari eta Larrazi, baita senitartekoei ere.

«Epaiketa fartsa»

Alta, sententziaren arrazoiak eta epaia «sostengatzen duten sasi-argudioak» aztertu eta gero, balorazioa egin eta aditzera emango dutela jakinarazi dute abokatuek.

Bitartean, Euskal Herriko eta nazioarteko organismoetara eta elkargo profesionaletara joko dutela adierazi dute, modu horretan, «interpelazio lana egiteko eta bi kideen egoera salatzeko eta euren eskubide oinarrizkoenak berritzultzeko».

Beste alde batetik, errepresioaren aurkako antolakunde Askatasunak ere gogor salatu ditu Errearen eta Larrazen kartzelatzeak, eta bi abokatuak berehala aska ditzatela eskatzearekin batera, «epaiketa fartsa honen epaia bertan behera» gelditzeko exijitu du.

Askatasunaren esanetan, horrek agerian uzten du «baldintza demokratikoen premia» Euskal Herrian, eta Parisko 14. Sekzioa eta Madrilgo Auzitegi Nazionala «herri honen hitza, jardun politikoa eta soziala eta funtsean bere geroa erabakitzeko erdietsi beharreko prozesua goitik behera baldintzatzen duten tribunalak» direla.

Bestalde, ANV-EAEk ere bi abokatuon aurkako epaia gaitzetsi zuen. Haren ustez, defentsarako eskubidea zanpatzen du epaiak, eta Larrazen eta Errearen askatasuna exijitu du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
LAB emplaza a Zapatero a dar «pasos resolutivos»
Euskal Herria
Parisek Errea eta Larraz abokatuak espetxeratu ditu
Euskal Herria
El Gobierno espańol comunica contactos con ETA, pero sin novedades relevantes
Iritzia
La cita con ETA y el derecho de reunión
Mundua
Bush reconoce por primera vez que «no estamos ganando» la guerra de Irak
Euskal Herria
La movilización se abrió paso entre los autos judiciales y las filtraciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss