- Erraminta
Joko ona eta emozioa ez ziren falta izan Ezkurdin
·Iriondo eta Rekalde nagusi palan eta Alberdi III.a eta Lander zestan
GARA
DURANGO
Joko ona eta emozioa ez ziren falta izan atzo Durangoko Ezkurdin. Aurreneko neurketan, palakoan, Iriondok eta Rekaldek 43-45 irabazi zioten Fusto eta Torreri azken hamarrekoan 39-36 eta 43-41 galtzen joan ondoren. Bigarrenean, zestakoan, Alberdi III.ak azken bi neurketak galdu ostean garaipena lortu zuen. Hori bai, Landerrek bikain lagundu zion atzetik, batik bat sakearekin 8 tanto egin zituen, eta Alberdi I.ak eta Elizegik osatutako goi-mailako bikoteari 29-35 irabazi zioten.
Lehenbizikoan, Rekalderen hasiera bikainak, Iriondok ondo laguntzen ziolarik, aurreneko abantailak eman zizkien urdinei, eta 6-11 eta 12-18 aurreratu ziren. Tartea mantendu egin zen, baina Pablo Fusto eta Jon Torre hobeto jokatzen hasi ziren eta 33-34ra berehala hurbildu, eta handik gutxira 37-36 aurreratu ziren. Handik aurrera, emozioa eta parekotasuna. Fustok eskuinez min egiten zuen, baina Iriondok eta Rekaldek, 43-41 galtzen zirela, errenkan azken lau tantoak egin zituzten.
Berdintsu gertatu zen Munduko Txapelketaren ostean berriro ere Durangon ikus ahal zitekeen zesta partidan. Urdinak 1-6 aurreratu ziren, baina laster iritsi ziren berdinketak (11, 12 eta 13na), baita gorrien abantaila txikia ere. Ricardo Alberdi ondo zebilen errematean eta Adolfo Elizegi tinko eskuinarekin (17-13), baina han amaitu ziren gorrien itxaropenak, Anton Alberdik bideratutako 0-11koak 17-24 utzi baitzuen markagailua.
Dena erabakita zegoela zirudien, baina aldea estutzen joan zen apurka-apurka, 27-29ra iristeraino. Hala ere, eta gorriek soilik bi tantora jartzea lortu bazuten ere, Berriatuko aurrelariak eta Zumaiako atzelariak berriro ere ihesaldi txiki bat egitea lortu zuten.
|