«Euskal nortasuna aldarrikatu behar dugu arabarrok; gertaerek hori erakusten digute»
Unai Gartzia historialari gasteiztarra Agurainen izan zen atzo arratsean, “Agurain, 750 urte baino gehiago” hausnarketarako argitalpena aurkezten. Historian zehar, Arabako lautadak zein Arabak euskal nortasuna sekula galdu ez dutela berresten da bertan.
Zertan datza zehazki liburua?
Aurten, Agurainek nahiz Arabako eta Gipuzkoako zenbait herrik 750 urte bete dituzte, Alfontso X.ak, Gaztelako erregeak, Gaztelako hiribildu titulua eman zienetik. Horren inguruan, herri ezberdinetan zenbait egitasmo planteatu dituzte, gertaera hori ospatzera bideratuta. Herri horietan hainbatek ez du hori begi onez ikusi, euren herrien gaztelaniatze prozesuaren hasiera ospatzea zela iruditu baitzaio. Historia aldarrikatu nahian, egitasmo paraleloak sortu dira. Liburua modu horretan jaiotzen da.
Zerk ezberdintzen du gainerako liburuetatik?
Aguraingo historia dibulgatiboa oso modu orokorrean egin nahi izan da, ez da ikerketa liburu bat. Alde horretatik, inork ez du sorpresarik espero behar. Liburua egiteko orain arte kaleratu den bibliografia hartu eta honen irakurketa kritikoa egin dut. Azken finean, orain arte egin den historiografiaren inguruan hausnarketarako gonbidapen bat da. Orain arte historia bat kontatu digute, Agurain desagerrarazi eta Salvatierraz hitz egin diguna, herri gaztelaniatua planteatuz. Euskalduntasuna aldarrikatu da bertan. Horrek ezberdintzen du beste liburuetatik. Agurain ez zen duela 750 urte sortu, lehenagotik ere bazen zerbait, Euskal Herriaren testuinguruan ulertu behar dena.
Tituluak berak zeresana du...
Hala da. Argi dago jende askori sinetsarazi egin zaiola Agurain Villa de Salvatierra izenarekin sortu zela. Ematen den errealitatea oso desitxuratua zen. Salvatierra ez zen ezerezetik sortu. Alfonso X.ak Salvatierra bertan sortzea erabaki zuen aurretik inguruko herrien artean Agurainek lehentasuna izateko gaitasuna zuelako.
Zerbaitek haserretu zaitu liburua idazterako orduan?
Kontsultatutako bibliografian ez da apenas euskararen aipamenik egiten. Modu inplizituan esaten digu Araba ez dela inoiz euskalduna izan. Hori ez da egia eta haserretu egiten nau. Baina bestelakoak ere badira. Oro har, ez zaio erreparatzen, duela 750 urte baino lehenagotik egondakoari ez Salvatierra sortu zen testuinguru politikoari. Gaztelak 1200. urtean Nafarroan hasi zuen konkista prozesuaren barruan, beste pauso bat bezala ulertu behar da.
Zeintzuk dira hiribildua izendatzearen ondorioak?
Lehenengoa, lurrak bereganatzea. Ondoren, estatus berrian integratzeko ahalegina. Horren adibide garbia da izena bera: Villa de Salvatierra. Horrekin inguruko biztanleria hiribildura erakartzea lortu nahi da, bertan salbu egongo direlako ideiarekin. Militarki ez da kasualitatea Salvatierra sortu izana. Urte berean sortu ziren Kontrasta eta Kanpezu Araban, eta Tolosa, Segura eta Ordizia. Herri horiek guztiak marra batekin lotuz gero, Nafarroaren muga dugu, gatazka eremu izaten jarraitzen zuena.
Euskal nortasuna mantentzea lortu zuela diozu. Zertan oinarritu zara hori baieztatzeko?
1256. urtetik aurrera, Gaztelak bere estatus propioa lur berrietan zehar zabaldu nahi bazuen, alor guztietan egin behar zuen, linguistikoki ere errealitate berri bat zabalduz. Baina, hala ere, euskara ez da une batez ere galdu Agurainen. Euskararen presentzia ikaragarria da inguruan. Badira hori erakusten duten adibideak. Gebaran, gainera, XV. mendean juduek ere egunerokotasunean erabiltzen zuten hizkuntza euskara zen. XV. mendean Lazarragak berak erakusten digu, Berpizkundean murgilduta dagoenak, euskaraz egiten zuela. Arabarrok gure euskal nortasuna aldarrikatu behar dugu, gertaerek hori erakusten digutelako. -
Actos de Aguraingo Bidea
M.B. AGURAIN La presentación del libro hay que situarla en el contexto de la iniciativa “Agurain atzo eta gaur Euskal Herrian”, mediante la que durante este año Aguraingo Bidea ha impulsado varias iniciativas. «Lo que celebramos es que sigue existiendo en Agurain una cada vez más amplia conciencia de pertenecer a Euskal Herria», dice la plataforma. En el acto de presentación se proyectaron imágenes de las actividades del 22 de julio, junto canciones del CD, que bajo el mismo título se publicó en agosto. En él intervienen grupos locales, un verso alusivo a 1256 y una canción con los versos de Perez de Lazarraga sobre la quema de Agurain en 1564.
|