GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-12-30
Hizkuntza ofizialak eta apaingarriak

Europar Batasuneko hizkuntz ofizialak 23 izango dira urtarrilaren lehenetik aurrera. Orain artean baino hiru gehiago, alegia. Haietako bi bulgariera eta errumaniera dira, haien herrialdeak Batasuneko kide izatear, eta hirugarrena, gaelikoa. Berri ona, bereziki gaelikoari dagokionez, haren egoera ahula kontuan izanda, nazioartean ere hizkuntza ofizialen estatusa izateak halako bultzada eta halako prestigioa ekar baitiezazkioke. Irlandako gaelikoak hiztun gutxi ditu eta, estatua osatzen duten Irlandako lurraldeetan ofiziala bada ere, estatu haren hizkuntza politika ezin esan oso eraginkorra izan dela, ezin esan Irlandako Estatuak hizkuntza horren aldeko apustu handirik egin duela.

Mundu globalizatuan hizkuntza guztiek ez dute irauteko aukera berbera, hainbat faktore direla-eta. Faktore horiek hiztun kopurutik aitortza ofizialera doaz. Eta aitortza ofizialik gabe, hizkuntza bat, komunikazio tresna dena, nolabait ez da existitzen, ez baitu maila guztietan komunikatzeko tresna gisa balio. Azken batean, aitortza horrek nolabait baliagarritasuna ematen die hizkuntzei, baliagarritasun «erreala», hizkuntz esparrutik harago doana.

Ondorio gisa esan liteke hizkuntza batek arlo eta maila guztietan aitortza izateko estatu baten babesa behar duela. Hori da Europar Batasuneko estatuek, nahita edo nahi gabe, seinalatzen duten bidea. Horrek, berez, ez du bermatuko hizkuntza horren osasun ona, hizkuntza horrek irautea, baina nola bere hiztunentzat hala gainerako herritarrentzat, beste hizkuntzen mailan agertuko da, eta dagokion prestigioa izango du. Edonola ere, ez da samurra izango hainbat hizkuntzatarako, bakan batzuen nagusitasuna dela-eta; baina ez da pauso txikia herritar guztiek maila guztietan, administrazio guztiekin, beren hizkuntzan komunikatu ahal izatea. Eta ez da huskeria norberaren hizkuntza Europar Batasunaren agiri ofizial guztietan ikustea.

Izan ere, hizkuntza bat agiri ofizialetan ikusita, herri bat sumatzen da haren atzean, herri horretako bizilagunak eta gainerakoak. Hala ere, hori da, hain zuzen, estaturik ez duten hizkuntzei aitortza ofizialik ez emateko kausa, edo funtzio apaingarria baino ez emateko kausa. Eta funtzio hori da gaur egun euskarari, katalanari eta galizierari eman dieten funtzioa, eta korsikerari edo bretoierari, esaterako, ezta hori ere. Estatuak dira ofizialak izateko oztopoa. Arestian esandako hizkuntzen kasuan, estatu espainola eta frantsesa. Horiek ditu muga euskarak garapen osorako, iraupena ziurtatzeko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Etxerat culpa a PSOE y UMP de que aún haya «sillas vacías en nuestras casas»
Mundua
Cuenta atrás para el ahorcamiento del derrocado presidente Saddam Hussein
Euskal Herria
Miembros de PS, PCF y Verdes reclaman implicación a París
Mundua
El Parlamento europeo oirá «A coupla focal» en gaélico
Ekonomia
Los sindicatos estiman un éxito el paro del 90% en las gasolineras alavesas
Euskal Herria
Batasuna mantiene un compromiso «claro e inequívoco» con el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss